Euskal Herriko bira

Euskal Herriko bira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriko-bira/@@download/image/42p24-1_1368033210.jpg
2004/06/04
erreportajea
Euskal Herriko bira
Abian da Euskal Herriko jaietako bira, eta Argi Beranduetxea GAZTETXULO taldeko 'txirrindulariak', ez du etapa bakar bat ere galdu nahi. Bira luze honetan maillot horia lortzea du amets Beranduetxeak. Erdietsiko ote du? 

Maiatza partean hasi zen Euskal Herriko jaietako bira: Andoaingo Santakruz-ak, Kanpezuko eta Larrabetzuko Sanisidroak… Dena dela, etapa garrantzitsuenak sanjoanetatik aurrerakoak izan ohi dira.

Ia lau hilabete iraungo ditu birak, eta Zarautzen amaituko da, irailaren 9an, bertako Euskal Jaietan.

Parrandazaleen tropela (ala troupea?) jendetsua da, baina Argi Beranduetxeak ez du beldurrik, sasoian dago. Urtebete darama entrenatzen, eta bira irabaztea du erronka. Iaz Ekaitz Susperregi gazte nafarrak egindako marka ere birrindu nahi du: lau hilabetetan 110 egun parrandan! Marka hori gainditzeko, gure 'heroiak' gogor ekin beharko dio parrandari. Hasiera ona eman dio birari, eta horrela jarraitzeko indarra izatea espero dugu. Aurrera Argi!

Ekainak 24 San Joan

Tximista moduan abiatu da Beranduetxea sanjoanetako akelarreaz gozatzera: Hernani, Agurain, Angelu, Zugarramurdi, Donibane Lohizune… Apustuak martxan dira. Batzuek, Beranduetxearen alde egin dute: "Baietz iazko marka gainditu". Beste askoren ustez, ordea, iazko irabazleak eramango du aurten ere txapela.

Argik ez du aukera bakar bat ere galdu nahi, eta sanjoanetan ibili eta gero, sanpedroetara jo du. Ekainaren 29an Biasterin, Lasarte-Orian, Diman, Donezteben…dira festak. Azkenean, Lasarte-Oria aldera jotzea erabaki du eta bertan amaitu du lehen etapa. Sorgi dantzan eta herri afarian parte hartu du Argik, eta indartsu dabilela ezin uka.

Uztailak 7 San Fermin

Bigarren etapari ekin dio tropelak: Sanferminak —Iruñea, Lesaka, Pasaia…—. Ez da hau esprinterrentzat eginiko etapa. Iruñean astebete jo ta su aritu beharra dago eta Santo Domingoko aldapari ere goizero goizero egin behar diote aurre 'korrikalariek'. Argik zur eta lur utzi ditu San Fermin zale guztiak: Hori da hori estiloa.

Uztailak 22 Madalena

Egun bateko etenaldiaren ostean, San Ferminetatik Karmenetara, uztailak 16, jo du tropelak. Hirugarren etapa ere aisa gainditu dute. Laugarrena, ordea, gogorragoa da: Madalenak —Bermeo, Elantxobe, Durango, Errenteria, Biana…— . Elantxobeko aldapa pikoetan gora eta behera ibiltzeaz gain, arraunketa saioa ere gainditu behar izan dute. Elantxobetik Bermeora joan dira arraunean eta egunsentira arteko dantza maratoia ere izan dute. Argi bikain aritu da eta podiumera igo da. Aitor Lujuriagak banatu ditu sariak eta berehala somatu da bien arteko kimika. Argik ezin izan dio tentazioari eutsi eta Lujuriagaren besoetan bukatu du. No coment!

Uztailak 23 Santa Brigita

Bosgarren eta seigarren etapak iritsi dira azkenean. Tropelak garbi du bi etapa hauek patxadaz hartu behar direla. Miarritzekoa Santa Brigita jaietan amaitu da lehen etapa uztailaren 23an, eta hurrengoa Donapaleun uztailaren 25ean.
Baina, zazpigarren etapa ate joka dugu, eta amaitu da lasaitasuna: abuztuaren lehenean hasi dira Baionako bestak. Nafarroako hiriburuaren eguna antolatu dute bertan, eta Iruñeko peñetako ordezkariak "txupinazo"-an izan dira... Argi lehen lerroan izan da. Ez dago aurre hartuko dionik.

Abuztuak 4 Andra Mari Zuria

Baionan egon eta gero, Gasteizera abiatu da tropela. Argi ez da doping kontrolen beldur, baina tropelean batzuk kezkatzen hasiak dira: Periko Vicioso txirrindulari bizkaitarra itzulitik kaleratu berri dute, doping neurgailu guztiak birrindu batitu.

Baina, itzuliak aurrera darrai. Erlojuaren kontrako etapa da Gasteizkoa.
Kontzertuak, Gasteiztarrak peñak antolatutako "ganbada" —ganbak eta edariak dohainik ematen dituzte abuztuaren 7an—… guztietan parte hartu behar du Argik, eta Zeledon baino azkarrago ibiltzea da erronka. Kilometroen zama igartzen hasi da gure txirrindulariak, baina ez dago amore emateko prest.

Abuztuak 15 Bilboko Aste Nagusia

Bilboko Aste Nagusia zain dute txirrindulariek. Taldekako saioa da hau. Konpartsen olinpiadetan parte hartu behar dute Euskal Herriko Birako lagunek: zaku lasterketa, irinetan txanponak bilatzea...

Kaskagorri, Txomin Barullo, Hau pittu hau eta Hor dago konpartsak indartsu aritu dira, baina GAZTETXULO taldeak hobea dela erakutsi du. Argik arrastaka eraman ditu taldekide guztiak eta primeran aritu dira.

Irailak 2 San Antolin

Bi etapa baino ez dira falta. Bilboko Aste Nagusiko esfortsuaren ostean, indar faltan dago Argi. Baina, San Antolinak San Antolinak dira! Lekeitiora abiatu da tropela. Iazko garaile Ekaitz Susperregiren taldekoak tiraka ari dira,  baina Argik ez du amore eman nahi eta hurbiletik kontrolatzen ditu. Antzar Eguneko proba esanguratsua izan da. Argik antzarra lepotik heldu eta bikain ibili da gora eta behera.

Hondartzan esnatu da Argi. Irailak 8 ditu. Azken etapa baino ez da falta: Lekeitio- Zarautz. Indarge dago, baina baserritar jantzia jarri eta tropeletik ihes egitea lortu du. Zarauzko helmugara garaile iritsi da eta jendetza du zain, txaloka. Baserritar jantzia kendu eta maillot horia eman diote. Marka guztiak txiki utzi ditu. Txapela jartzera joan direnean, ordea, ez diote burua aurkitu. Gogorra da gero Euskal Herriko bira!