Euskal Herriko Beatbox Txapelketa egingo dute Sodupen larunbatean

Euskal Herriko Beatbox Txapelketa egingo dute Sodupen larunbatean Nazioarteko hainbat artista entzutetsu ere izango dira, eta erakustaldiak egingo dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriko-beatbox-txapelketa-egingo-dute-sodupen/@@download/image/DSC_9397.jpg
2026/06/08

Testua: Maitane Legarreta
Argazkiak: Beatbox txapelketa

Nazioarteko hainbat artista entzutetsu ere izango dira, eta erakustaldiak egingo dituzte.
Euskal Herriko Beatbox Txapelketa egingo dute Sodupen larunbatean

Datorren ekainaren 13an, VII. Euskal Herriko Beatbox Txapelketa jokatuko da Sopuden (Bizkaia). Hitzordu berezia izango da hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, 2012an bertan izan zelako txapelketaren lehen edizioa eta hamalau urteren ondoren berriz hara itzuliko delako. Eta beste alde batetik, Euskal Herriko beatboxer onenetako batzuk bilduko direlako bertan, Solo eta Loopstation kategorietan lehiatzeko.

Kanporaketak 15:30ean hasiko dira Sodupeko Kultur Etxean. Finaleko saio nagusia, berriz, gaueko 21:00etan izango da herriko plazan. Espainiako Estatuko Beatbox Txapelketako finalerako sailkapen proba modura ere balioko du txapelketak.

Epaimahaia nazioarteko beatbox eszenako hainbat artista esanguratsuk osatuko dute: FootboxG (Belgika), bakarkako munduko txapelduna eta Middle School taldearekin munduko txapelduna; Supernova (Belgika), Belgikako txapelduna hiru aldiz, eta munduko txapelduna taldeka; Prichia (Portugal / Frantzia), munduko txapelketako txapeldunordea eta Frantziako txapelduna; eta Nils (Madril), Loopstation kategorian munduko lehen zortzien artean dagoena, eta Espainiako Estatuko erreferenteetako bat. Gainera, epaileek erakustaldi bereziak eskainiko dituzte ekitaldiaren baitan.

Urban Gugaz ekimenaren barruko ekintza izango da txapelketa. Hori dela eta, 17:00etatik aurrera, herritarrei irekitako tailerrak eta erakustaldiak izango dira: beatboxa, graffitia, DJak, breakdancea, parkourra...