Euskal Herriko Atlas Etnografikoa sarean jarri du Labayruk

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa sarean jarri du Labayruk Zortzi liburukietako edukiak sareratu dituzte, zortzi ataletan banatuta. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriko-atlas-etnografikoa-sarean-jarri-du-labayruk/@@download/image/sarean.png
2022/03/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Zortzi liburukietako edukiak sareratu dituzte, zortzi ataletan banatuta.
Euskal Herriko Atlas Etnografikoa sarean jarri du Labayruk

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa euskal kultura eta bizimoduari buruzko ikerketa da, euskal gizartearen izaera, nortasuna eta identitatea osatzen duten hainbat esparru aztertzen dituena. Euskal Herriko Atlas Etnografikoa osatzen duten zortzi liburukiak digitalizatu eta eduki horiek webgune batean bildu ditu orain Labayru Fundazioak. Edukien digitalizazioaren bidez, gaien inguruko kontsultak eta bilaketak erraztu nahi dituzte. Horretaz gain, hezkuntzarako baliagarri izatea ere badu helburu, ondareari buruzko transmisioa bideratzeko.

XX. mendetik gaur arteko euskal kulturaren eta Euskal Herriko bizimodu tradizionalen ikuspegi orokorra aurki daiteke webgunean, zortzi ataletan banatuta: elikadura, familiako elikadura tradizionala eta XX. mendean izandako aldaketak jasotzen dituena; haur-jolasak, XX. mendean lurralde osoan umeek egindako zortzirehun olgeta baino gehiago deskribatzen dira bertan; heriotza-ohikuneak, etxeko hileta-errituak biltzen dituena; jaiotzatik ezkontzara bitarteko ohikuneak; abeltzaintza eta artzaintza; herri medikuntza; etxea eta familia; eta nekazaritza. 

Gaztelaniazko bertsio osoaz gain, atal bakoitzaren laburpenak ere badaude euskaraz, frantsesez eta ingelesez. 

Joxemiel Barandiaranen bideari jarraiki
Euskal Herriko Atlas Etnografikoa Joxemiel Barandiaranek garatutako proiektua da, euskal herriaren kultura tradizionalaren eta haren bilakaeraren ikerketa xede duena. 1962an euskal atlas kulturalaren beharra nabarmendu zen, hirurogeiko hamarkadaren hasieran eraldaketa orokorra nabari baitzen gizarteko arlo guztietan. 1965ean Etnologiako Europako Nazioarteko Konferentziak, Europa osoan gertatzen ari ziren aldaketak kontuan hartuta, atlas etnografikoak egin behar zirela aldarrikatu zuen, giza taldeen eta gizarte tradizionalen ezaugarri kulturalak jasoko zituzten landa-laneko inkesten bitartez.

1968an, Zaragozan egindako kongresu batean, Barandiaranek Bosquejo de un atlas etnográfico del pueblo vasco izeneko komunikazioa aurkeztu zuen, Euskal Herriaren atlas etnografikoaren zirriborroa zena. Hainbat hamarkadatan argitalpen etnografikoetan eta taldean egindako hiru ikerlanetan pilatutako eskarmentuarekin, Etniker Taldeek Gipuzkoako Ataun herrian 1987an egindako XII. Bilera Nagusian Atlas Etnografikoa egiten hastea proposatu zen. Horretarako, Eskualdearteko Zuzendaritza Batzorde bat sortu zen, lurralde-talde bakoitzeko arduradunek osatua, ikerketa eta idazketa antolatzeko. Lurralde-taldeak, halaber, entitate handiagoko egitura baten barruan konfederatu ziren, Etniker Euskalarria izenekoa.

Zortzi liburuki argitaratu dira guztira, lehena 1990ean eta azkena 2017an.