Euskal Herriko artisau-arrantzari buruzko 'Itsasoiko' dokumentala estreinatuko dute Donostian

Euskal Herriko artisau-arrantzari buruzko 'Itsasoiko' dokumentala estreinatuko dute Donostian Kontsumo moduen eta elikadura burujabetzaren inguruko hausnarketa zabaldu nahi dute ikus-entzunezkoaren bidez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriko-artisau-arrantzari-buruzko-itsasoiko-dokumentala-estreinatuko-dute-donostian/@@download/image/itsasontzi.png
2022/03/10

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Kontsumo moduen eta elikadura burujabetzaren inguruko hausnarketa zabaldu nahi dute ikus-entzunezkoaren bidez.
Euskal Herriko artisau-arrantzari buruzko 'Itsasoiko' dokumentala estreinatuko dute Donostian

Itsasoiko, Itsasotik Sasoikoa dokumentala, Ondarroa 12 milia eta Bizilur elkarteek elkarlanean egindako “Itsasoiko” proiektuaren parte da. Bi elkarteek euren interes eta eragiteko eremuak uztartu dituzte honela: alde batetik, eguneko arrantzaren iraunkortasuna, eta, bestetik, elikadura burujabetza eta tokiko elikadura sistemak. Dokumentala Donostiako Aquariumean aurkeztuko dute bihar, hilak 11, 19:00etan. 

Honela azaldu dute dokumentalaren sorburua: "Euskal Herria Kantauri itsasoari eta arrantzari estuki lotutako herria da. Itsasoa gure historiaren, gure kulturaren eta gure nortasunaren parte izan da betidanik. Baina kostaldeko herrietan, garai zaharrak bizi izan dituztenek esaten dutenez, arrantza-portuen inguruan sortzen zen bizimodua oso bestelakoa zen lehen. Gaur egun, oraindik egunero itsasoratu eta arrainak banaka-banaka eskuz ontziratzen aritzen diren arrantzontzi txiki batzuk badiren arren, teknologiaren garapenak eta arrain-industriaren ereduak bultzatuta, gure portuetako irudia oso bestelakoa da. Baina, itsasoak dituen baliabideak herritarrenak diren bezala, Eguneko Arrantza gure gizartearen zati baten bizimodua ere bada. Gure herriaren historiaren eta kulturaren zati bat. Ondarea. Nolakoa litzateke Euskal Herria, arrantzarik gabe? Nolakoak lirateke gure arraindegiak, bertako arrainik gabe?". 

Kontsumoaren eta elikadura burujabetzaren inguruko hausnarketa sustatu nahi dute: "Guztion esku dago zein arrain erosten dugun, zein arrain kontsumitzen dugun, zein ondare babestu nahi dugun. Ezingo dugu globalizazioa geratu, baina, gure inguruan, gure esku dauden hainbat praktika abiatuz, keinu txikiekin gauza handiak lortu ditzakegu. Ildo honetan, elikadura burujabetzak gure herriaren aldeko jarrera bat erakusteaz gain, nortasunaren, lan eremuaren, ingurunearen eta jarduera jasangarrien aldeko apostua bermatzen du. Nolako erosketa egingo dugu hurrengoan arraindegian? Ekimenen bat bultzatzekotan, parte hartuko genuke? Nolako ekimena litzateke egokia gure herrian? Guztion esku dago, eta oraindik badaude honen alde egin ditzakegun gauza asko". Eguneko arrantzak porturatzen duen arraina tokiko elikadura-sisteman txertatu, eta tokiko arrantzaren jarduera, itsasoko kultura-ondarea, eta itsas-ekosistemaren osasunaren biziraupenaren alde egiteko bidea zabaltzea da asmoa. 

Donostiako estreinaldiaren ondoren, Bilboko Bilborock aretoan ere aurkeztuko dute martxoaren 21ean, 18:30ean. Hausnarketa gizarteratzeko egitasmo zabalago baten parte da dokumentala eta, hori dela eta, kostaldeko hainbat herritan ere egingo dituzte emanaldiak, "ikus-entzunezkoaren bidez gaia mahaigaineratu eta herritarrei tokian-tokiko ekimen parte-hartzaileak martxan jartzeko gonbita luzatzeko": "Herri bakoitzean, bertako herritarrek erabakitzen duten ekimenei bideak irekiko dizkiegu, bide honetan egiten dena egiten dela, eguneko arraina gure elikadura sisteman txertatzeko lagungarri izango delako".