Euskal Herrian, 3D inprimagailu batekin, sortzen den haragia ezagutzen duzu?

Euskal Herrian, 3D inprimagailu batekin, sortzen den haragia ezagutzen duzu? Ez dago mundu osoko 10.000 milioi pertsona denbora luzez elikatzeko nahikoa animalia. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herrian-bertan-3d-inprimagailu-batekin-sortzen-den-haragia-ezagutzen-duzu/@@download/image/Bacon-plant-based-de-bioimpresion-3D_Foodys-2.jpg
2024/04/02
Ez dago mundu osoko 10.000 milioi pertsona denbora luzez elikatzeko nahikoa animalia.
Euskal Herrian, 3D inprimagailu batekin, sortzen den haragia ezagutzen duzu?

Nazio Batuen Erakundeak urteak daramatza ohartarazten gure elikagaiak ekoizteko modua aldatu beharra dugula. Ez baita jasangarria ez gure osasunarentzat, ez eta ingurunearentzat, gehien kutsatzen duten industrien artean baitago haragiarena.

Krisi klimatikoaren egoerak foodtech deitutako ekosistemak sortzea eragin du, hau da, teknologia, jasangarritasunaren mesedetan jartzea eta hau haragi sintentikoa sortzera bideratu da. Jada ezagunak dira zenbait marka munduan zehar: ImpossibleFoods, Beyond Meat… eta baita landareetan %100 oinarritutako foiea ere, adibidez Hello Plants markarena.

Bada orain, 3D inprimagailuetatik sortutako haragia supermerkatura iritsi da eta euskal zigilua du! Izan ere, Cocuus erakundea nafarra da. 2017an Patxi Larumbek eta Daniel Ricok munduan dagoen proteinaren arazoari irtenbidea emateko asmoz sortu zuten Cocuus. Nola? Teknologiaren bitartez, elikagaiak hiru dimentsiotan bio-inprimatuz. Beren inprimagailutik hirugihar xerra berdin-berdinak ateratzen dira txerriei sufrimendua eragin gabe eta baliabide natural askoz ere gutxiago erabiliz.

Cocuus proiektua martxan jarri zenean, pertsona askori zientzia fikzioa iruditzen zitzaien. Eurek diotenez iritzirik gehienak “ni ez nauzu plastikoa jatera behartuko” bezalakoak ziren. Baina, Minnesotako (Estatu Batuak) nekazaritza elikagaien erakunde erraldoia den Cargill-ek deitu zienean esanez proiektuari bi milioi eman nahi zizkiola, guztia aldatu zen eurentzat.

Jada supermerkatuetan

Dei horrek euren ibilbidea azkartu zuen. Nafar hauek, hogei bat ingeniarirekin batera, Carrefour bezalako supermerkatuetan plant-based hirugiharra kokatzea lortu dute, %100 begetala den foiearekin batera. Guztia Nafarroan ekoiztua da, Foody’s deitzen den erakunde lokal batekin elkarlanean. Azken hau, Cocuus-en produktuak merkaturatu eta zabaltzeaz arduratzen da.

Zer ari zara benetan jaten?
Hirugiharra. Tira, ilar-txiki proteinatik sortutako hirugiharra, mila tona ekoizteko gai den inprimagailu batetik ateratakoa. Modu tradizionalean mila tona hirugihar ekoizteko 35.000 txerri sakrifikatu beharko lirateke. Alta, euren 2D eta 3D makinei esker edozein haragi edo arrain pieza inprimatzeko ahalmena dute kultibozelularrari esker, haragi industria handietako hondarrak profitatuta edota landare jatorriko (plant-based) osagaiak (ilartxikia, lekaleak…) erabiliz.

Normalean, gantza sortzeko animalien substantziak edo eguzkilore olioa erabiltzen dute. Nahiz eta, landare oinarria duten txuletak sortzeko osagai nagusia ilar-txiki proteina den. Ondoren, solidotasuna emateko aglutinatzaileak gehitzen zaizkie eta bestelako osagaiak zaporerako. “Badira marka batzuk 12-14 osagai erabiltzen dituztenak, guk 3-4 bat erabiltzen ditu soilik, ez dira produktu ultra-prozesatuak, diote Espainiako El Mundo hedabideari eskainitako elkarrizketa batean.

Nola sortzen dira?
“Bost minututan, bi txerrik bizitza osoan egin lezaketena egin dezakegu” azaltzen dio Irisarrik, Foody’s markaren marketin zuzendariak, Noticias Gipuzkoa hedabideari. Cocuus deitutako euskal marka honek erabiltzen duen metodoa Food-to-data/Data-to-Food izenez ezagutzen da. Euren webgunean deskribatzen dutenez, prozesua animalia jatorriko txuleta bati TAC bat eginez hasten da. Erradiografia honek geruzetan erakusten die txuleta, non dagoen gantza, non haragia, non hezurra eta non bide baskularrak.

Ondoren, irudi hauetatik haragiaren geometria bat sortzen da eta parametro batzuk sortzen dituzte. Parametro hauekin inprimagailua lanean has liteke. Gainera, edozein modifikazio egin liteke momentuan.

Etorkizuna
Erakundearen estimazioen arabera urtero 1.000 tona inguru haragi begetal sortuko dituzte, eta zifra hau hazi egin liteke datozen urteetan. Hau guztia gutxi ez eta Cocuus-ek atuna, izokina edo ganba begetalak beste herrialdeetan merkaturatzeko asmoa ere badu. Ikerketen arabera, landareetan oinarritutako izokin ketuak, atun gorriak eta olagarroak aukera ugari izan litzake merkatu asiarrean.