Euskal Herriak ez du salbuespena izan nahi

Euskal Herriak ez du salbuespena izan nahi https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriak-ez-du-salbuespena-izan-nahi/@@download/image/71p28_1364905398.jpg
2007/02/02
erreportajea
Gaztezulo
Beste mugimendu batzuk bezala, hip-hopa ere Euskal Herrira iritsi da. Agian ez oso nabarmen, eta gorabehera ugarirekin, baina mugimendu hau ere ari da urratsak ematen.

Euskal Herrian hip-hop mugimendua zabaltzeko bidean, aurrerapauso handia gertatu zen, 1999. urtean. Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsitako bost gaztek Selektah Kolektiboaren lehen diskoa plazaratu zuten. Esan Ozenki diskoetxearen babespean iritsi zen lan hura kalera; bazegoen, beraz, lehendabiziko aldiz, euskarazko rap kantekin osatutako disko bat. Diskoak oihartzun handia izan zuen, eta rap musika, eta oro har hip-hop mugimendua, euskal kulturaren parte bihurtu zen. Aldez aurretik, rap musikaren eta hip-hop mugimenduaren eragina oso mugatua zen Euskal Herrian; rap musikarekin zeharka jolasten zuten talde gutxi batzuk zeuden (haien artean, ezagunena, Negu Gorriak), komunikabideetan inolako oihartzunik lortzen ez zuten festak eta sound systemak ere baziren, eta oraindik, teknikoki, nahiko era mugatuan ari ziren break dantzari eta graffiti margolari gutxi batzuk. Egia esan, 80ko hamarkadan sortu zenetik hona, hip-hop mugimenduak izandako garapen itzela kontuan izanda, zaila da ulertzen nolatan izan duen Euskal Herrian horren oihartzun txikia. Egia ote da euskaldunok itxiak garela kanpotik datozen eragin berrien aurrean? Hori baino konplexuagoa da erantzuna.

Selektah Kolektiboa
eta M.A.K
1998. urteko San Joan jaiak, Hernani, Molotoff Irrati librearen txosna. Garai hartan Lasarten bizi zen Zigor Dz, biniloetan, eta Hendaian bizi zen Daddy Jeff, mikrofonoan. Baseak, kasetean. Aritz Sound System antolaketan eta disko jartzaile lanetan. Hau kaosa! Lehen pauso haren ondoren, elkarrekin emanaldiak eskaintzen hasi ziren taberna, kobazulo, txosna eta gaztetxeetan. Iruñeko Wanka eta Lasarteko Molte gehitu zitzaizkien, mikrofonoan, eta handik gutxira, Selektah Kolektiboa osatuta, Metak diskoetxearen gonbidapena. Selektah dira, musika beltza Euskal Herrian zabaltzeko helburua dutelako, eta Kolektiboa dira, elkarrekin gauzak eginda ere, nork bere aldetik gauzak egiten jarraitzen duelako, eta edozein momentutan, jende berria sar daitekeelako. Emaitza, bi disko kalean (bigarrena, Metak diskoetxearekin), ehunka kontzertu, emanaldi eta sound system (baita bertsorap estiloan ere), hainbat irratsaio, idatzi eta hitzaldi. Lagun asko eta une ederrak. Egun, Zigor Dzk eta Aritz Sound Systemek jarraitzen dute (eta tarteka, baita Daddy Jeffek ere) musika beltzaren arima lau haizeetara zabaltzen.

Selektah Kolektiboak zabaldutako bidetik dator M.A.K. taldea. 2003. urtean sortu zen Lapurdin (Ziburu inguruko herrietan). Mikrofon Addikt Klanek rap gogorra lantzen du, hardcore eta jazz musiken eraginpean. Bi helburu dituzte: Euskal Herrian hip-hopa zabaltzea, batetik, eta bestetik, kanpoan haien esperientziaren berri ematea. Hori guztia, euskaraz, frantsesez, katalanez eta gaztelaniaz abestutako kantekin. Taldeak, 2005. urtean, “Suari darion kea” izeneko diskoa kaleratu zuen, eta zuzeneko emanaldi batzuk eman eta gero, desegin egin zen. Gaur egun, Jon Eyherabidek, mikrofonoan, eta Dj Alfek jarraitzen dute musika munduan.

Break dantza eta graffitia

Zorionez, break dantzak eta graffitiak gorakada nabarmena izan dute azken urteotan, bai dantzari eta margolari kopuruari dagokionez, bai haien kalitateari dagokionez. Break dantzaz ari garela, Iruñea dugu Euskal Herriko erreferente nagusia. Bertan dago dantzari gehien, eta teknikoki haiek dira onenak.

Bertakoak dira Team Rockers taldekoak, Euskal Herrian ezinbesteko erreferentzia. Gipuzkoan eta Bizkaian ere badira dantzari onak, hiriburuetan gehienak, eta haien artean, Intxaurbreak taldea dugu beteranoenetakoa. Graffitiari dagokionez, sakabanatuago daude margolariak, nahiz eta gehienak ere hirietan dauden. Graffitiarekin gauza bitxia gertatzen ari da. Izan ere, batetik, artea balitz bezala jokatzen da batzuetan, eta instituzio publikoek babestu egiten dute (Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa, adibidez) eta bestetik, legez zigortutako ekimena da; kalean baimenik gabe margotzen harrapatzen bazaituzte, izugarrizko isuna jaso dezakezu (3.000 euro edo gehiago).

Aurrera begira

Pixkanaka bada ere, hip-hopa Euskal Herrian errotzen ari da, eta nahiz eta askori gustatu ez, euskal kulturaren parte da dagoeneko. Musikari dagokionez, Selektah Kolektiboaren eta M.A.K.-en bideari jarraiki, euskaraz abesten zuten rap taldeak perretxikoak bezala ugarituko zirela uste genuenok oker genbiltzan. Frantziako eta Espainiako estatuetan, hip-hop mugimenduak izugarrizko gorakada izan duen arren, Euskal Herrian askoz ere mantsoago doa dena. Rap musika jorratzen duten gazte asko badira, baina gehienek erdaraz egiten dute. Egun, rapa euskaraz egiten duen talderik ez dago, eta komunikabide handiek gazteleraz edo frantsesez egiten dutenez, gazteek jasotzen dituzten eraginak ere hortik datoz. Gure esku dago hori aldatzea. Breakdantza eta graffitiari dagokionez, berriz, pausoak ematen ari dira, eta haiek ere pixkanaka ematen ari diren arren, pauso sendoak dira. Hip-hopa erakargarria da gazteentzat, eta gure esku dago hip-hopa euskal kulturan modu egokienean kokatzea.