Euskal Herria kukugordeka

Euskal Herria kukugordeka https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herria-kukugordeka/@@download/image/15p37-1.jpg
2002/01/04
erreportajea
Amets Arzallus
Euskal Herria kukugordeka


Gauza jakina da hedabideak funtsezko tresnak direla herri baten eraikuntzan edo zanpaketan. "Hedabideak eta Euskal Herria" liburua irakurtzen ari nintzela, telebistako albistegietan gure herriari ematen zaion itxuraz zer pentsatua sortu zitzaidan. Batez ere, eguraldi mapekin gertatzen denaz ohartu nintzenean.

Mapak oso garrantzitsuak dira jendearen bururako, munduarekiko dugun ikuspegia bideratzen baitute. Hori jakinik, telebista kate ezberdinetako albistegiak so egiteari ekin nion. Eta bai. Nik nahi nuena aurkitu nuen. Alegia, nik nahi ez nuena.

Arratsaldeko programa interesgarriak ("El diario de Patricia", "El Programa de Ana"...) bukatu eta gero, alpistegiak hasten dira. Sekulako (g)hezur mordoa ematen dizkigute jaten, bortxaz irentsi arazten dizkigute, eta guk mokoa itxita egon behar. Tartean, eguraldien mapak izaten dira, oso politak. Edo behintzat oso anitzak, kolore askokoak, forma ezberdinetakoak.

Nik eguraldiaren zapping bat egin nuen: Tele 5, TVE, TF1, FR2, eta FR3-n, eguraldi mapak agertzen zaizkigunean, "ttak", Euskal Herria desagertu egiten da. Hasieran David Coperfield-en truko berri bat zela uste nuen, baina baita zera ere! Kate horietan, zentsuraren esku ikusezinak desagerrarazten du euskal labela duen guztia. Eta gainera, sekulako ahaleginak egiten dituzte. batetik EAE eta Nafarroa ahal bezain urrun uzteko, eta bestetik, Ipar Euskal Herria Pirinio Atlantikoetan gordetzeko. Antena 3 berriz, Euskal Herria desagertzearekin konformatzen da, ez du distantziarik aldatzen. Tira, eskerrak ETBko txoriak Euskal Herri osoa ikusten duen behintzat. ETBko txoriak bere hegalaldietan, zazpiak batean ikusten ditu. Aznarrek pentsatuko du: "hegoak ebakiko banizkio…".

ETBko txontxongiloak



Euskal Telebista amorratua da Frantziako eta Espainiako telesaioak, ustez arrakastatsuak, kopiatzen. Adibideak ezin konta ahala daude. Hala ere, harrigarria bada ere, “Gran Hermano”-ren edo “Loft Story”-ren antzekorik ez du sortu. Eta bada beste bat ere azkenaldian kopiatu ez duena. Canal Plus-ean, nola Espainiakoan hala Frantziakoan, ezagunak dira txotxongiloak, informatibo umoretsuetako protagonistak. Garai batean antzeko saio bat zuten ETB 1ean. Beraz, txontxogilook, halako arrakasta izanik, zergatik ez da ETB saiatzen halako zerbait sortzen? Agian, mozorrotu gabeko txotxongilo asko dituelako lehendik ere.