Euskal Herria gaztetxez gaztetxe, eta bizikletaz!

Euskal Herria gaztetxez gaztetxe, eta bizikletaz! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herria-gaztetxez-gaztetxe-eta-bizikletaz/@@download/image/20117276667BIZIKLETA_MARTXA1.jpg
2012/12/13
berria
Arrasateko Gazte Asanbladatik jaio da ideia. Abuztuaren 6an herritik abiatu eta 19an itzuliko dira, Euskal Herriari bizikletaz bira eman ostean. Bidean, Iparraldeko nahiz Hegoaldeko gaztetxeetan egingo dute geldialdia. Deialdia zabalik da parte hartu nahi duen ororentzat, abuztuaren 1ean bilera informatiboa egingo dute arratsaldeko 6tan Arrasateko gaztetxean. 

"Gaztetxeak Euskal Herrian fenomeno berezi bezain ezinbestekoak" direla eta, Arrasateko Gazte Asanbladakoek garrantzitsutzat jotzen dute euren arteko elkarlan eta elkar ezagutza. Hain justu horretarako antolatu dute abuztuaren 6an Arrasatetik bertatik abiatuko den bizikleta bira.

Gurpil gainean zeharkatu nahi dute euskal lurralde osoa, Iparraldearen eta Hegoaldea lotuko dituen ekimen baita hau. Arrasaten hasi eta abuztuaren 19an Arrasaten bertan amaituko den bira honekin makina bat gaztetxe ezagutuko dituzte parte hartzaileek beste hainbeste herritan: Kukutza III, Laudio, Gasteiz, Altsasu, Lizarrako Pinupe, Zizur, Elizondo, Berako Kaxerna, Miarritze, Donibane Ziburu, Pasai Antxo, Andoain eta Ordizia.

Geldialdi hauetako bakoitzean hainbat ekintzatan hartuko dute parte eta, hala, besteak beste, Kukutza IIIko erresistentzia brigadetan ariko dira, muralak margotuko dituzte, film laburren eta dokumentalen emanaldiak ere izango dituzte, hitzaldiak, kontzertuak… animatzen den ororentzat zabalik da deialdia! Abuztuaren 1ean egingo dute bilera informatiboa Arrasateko gaztetxean bertan.