Euskal Herri paranormala

Euskal Herri paranormala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herri-paranormala/@@download/image/20111063880ocha_1361234399.jpg
2011/10/07
erreportajea
Azaldu ezin daitekeen horri esplikazioren bat eman nahian, bere logikatik ihes egiten duena ulertzen lagunduko dioten pertsonaiak eta tramak asmatu izan ditu gizakiak betidanik. Beste batzuk egiazkoagoak dira. Tarteka algarak eta tarteka hotzikarak sorrarazten dituzten kontakizunak dira. 

Gueñeseko gauerdiko aieneak
Amezagatarren Jauregiak, Gueñesen, badu berezitasun bat, bukatu gabea da, eta horixe izan da, ziur aski, bere inguruan eraiki diren sineskeria guztien hauspoa.

XVIII. mende hasieran, Baltasar Hurtado Amezagak, lehenengo Riskal markesak Felipe V erregea bere etxea eta sorterria ezagutzera gonbidatu zuela dio historiak. Monarkak harrokeriz erantzun omen zion ez zegoela Gueñes inguru osoan erregea hartzeko adinako etxe duinik. Minduta, garaiko arkitekto onenarengana jo eta ordura arte noble etxe izandakoa jauregi errenazentista eder bihurtzeko agindua eman zuen markesak 1709 inguruan. Lanak, baina, bertan behera geratu ziren Amezagatarra Flandesen hil zenean, haren testamentuaren pasarte batean zehazturik ageri omen zen-eta bera faltaz gero ez zezatela jauregia bukatu ezta saldu ere. Ordutik, etxea zimelduz joan da, gaur arte.

Baina, markesaren heriotza ez balitz zori hutsa izan baizik eta bizilagunen eta alboko nobleen bekaizkeriatik jaiotako trama ilun baten azken emaitza? Eta testamentuan idatziriko hura ere ez bazen borondatezkoa? Gaizki pentsatzea erraza da, eta mendeku hartzeko moduak imajinatzea ere bai.

Kontua da aita hil eta urte batzuetara joan zela, baita ere, semeetako bat, gaitz kutsakor batek jota. Zendutakoaren arropak auzoko familia bati oparitu zizkieten Amezagatarrek, adin bereko seme bat zutelako. Gutxira, heriotzak eraman zuen gaztea, eta amak, lur jota, burua galdu zuen. Gueñeseko Jauregiaren inguruan bueltaka eta oihuka aritzen omen zen gauero, ero antzean hasperenka, kexuka.

Emakume hura hil ondorenean ere bere aieneak entzun zitezkeela diote zenbaitek, eta entzuten direla egun, Gueñeseko neguko gau hotzetan.

Gasteizko Ogasuneko mamua

Prentsak, estrainekoz, 1991n jaso zuen Ogasunaren Gasteizko eraikinaren kasuaren berri. Marmolezko gela erraldoiak dituen Alde Zaharreko etxe neoklasikoan segurtasun langileek haur baten mamua ikusten zuten gauez. Haur hotsak entzun zituzten lehenengo eta gero batetik bestera korrika zebilen mutiko bat. Giltzapetutako eraikin batean eta gauez inor agertzeak ez zeukan zentzurik, eta segika hasita ezerezean desagertzeak are gutxiago. Zur eta lur gelditu ziren. Poliziari deitu zioten. Poliziak, eraikina goitik behera arakatu arren, ez zuen ezer topatu. Prentsan agertu zenerako, jagoleek dozena bat alditan ikusia zuten jada mamua, eta izena ere jarria zioten: Andresito.

Gaur egun, Ogasunean ez dago segurtasun langilerik eguna bukatzen denerako. Nekatu ziren bakarrik pizten ziren argiekin, bakarrik mugitzen ziren altzariekin eta Andresitoren bihurrikeriekin. Uko egin zioten gauez eraikinean gelditzeari eta Aldundiak alarma sistema berria jarri behar izan zuen hauen lana ordezkatzeko. Bideo-zaintzako kamerek pixama zuria jantzita besapean baloi zahar bat daraman haurraren irudiak jaso omen dituzte. Sarean badabiltza irudi batzuk.

Bestalde, argitaratu ez diren arren, zurrumurruak dio Espainiako poliziak sotoan psikofoniak grabatu dituela, haurren negarrak eta hotsak gelditu direla grabagailuan jasota. Eta eraikinaren atzealdeko patioa partekatzen duten etxebizitzetako bizilagunek ere gauetan umeen jolas hotsak entzuten omen dituzte.

Andresito nondik atera ote den azaldu nahian, Frantziskotarren komentuari begiratu diote zenbaitek. 1200 urtean Frantziskotarren komentua eraiki zuten gune horretan bertan, eta 1930ean geratu zen hutsik. Gaurko eraikinak altxatzeko 60ko hamarkadan bota zuten behera, baina egun ere ikus daiteke zutik gelditu zen arku bat. Ogasunaren eraikina dagoen lekuan bertan omen zegoen komentuko hilerria.

Bertizeko baso gorria

Kondairak dio Nafarroa iparraldeko inguru honetan bazela ekaitzik gogorrenetako gauetan gorri kolorea hartzen zuen baso bat. Ekaitzak basoan harrapatu omen zituen bi gazte horrelako gau gorri batean. Euriak eta haizeak gero eta gogorrago jotzen zutela ikusirik, harri batzuen babesean hartu zuten aterpe, baina ez zuten denbora luzea egin bertan. Ulu jasanezin bat entzuten hasi ziren, gero eta gertuago, zuhaitz artean emakume baten errainua nabarmendu zen arte. Zetazko soineko zuri bat zeraman, blai eginda, eta ilea gorria zuen, itsutzerainoko kolore gorrikoa. Bi gazteak korrika hasi ziren, ihesean, baina bat baino ez zen iritsi herriraino. Bestea izaki haren besoetan ikusi zuela kontatu zuen, odoletan blai, hilda.

XIV. mendekoa da kontua. Kondairak kontatzen du orduko erregeari, Carlos III.ari gertaeren berri eman zitzaiola eta honek basoa botatzeko agindu zuela. Bertiz parke natural bat da egun, eta Pedro Miguel Bertiz noblearengandik datorkio izena. Hain zuzen ere Carlos III.a izan zen 1393an merindadea sortu eta lurrak noble honi, bere gortean ospe handia lortu zuen epailea, oparitu zizkiona.

Bide ertzeko itzalak

Sunbillan, XX. mendearen bigarren erdian, auto istripu latza gertatu zen N-121-A errepide zaharrak Doneztebera bidean herrian duen errebueltan. Irungo neska gazte bat hil zen ezbehar hartan eta berriak ingurukoak hunkitu zituen.

Beldurra aurki zabaldu zen, gertatu eta ondorengo egunetan. Izan ere, arrats hartan bertan lekutik pasa zirenek neska gaztea ikusi omen zuten. Hasiera batean, gutxi batzuek antzeman zuten haren aurpegia, eta askoz gutxiagok onartu nahi izan zuten ikusitakoa. Ulertezina onartzea ezinezkoa zitzaien. Batzuen hitzetan, zer edo zer zuen esateko, mezuren bat helarazi nahi zien bertatik pasatzen zirenei. Beste askok ezinezkoa zela sinetsi nahi izan zuten, beldurra uxatzeko.

Denborarekin, herri txikietan usu gertatu izan den bezala, berria hedatu zen, hasieran auzo batetik bestera, eta gero errepide hura erabiltzen zuten inguruko herrietara ere. Iluntasunean handik pasatzen zirenean neskatilaren aurpegiarekin topo egingo zuten beldur ziren garaiko gazteak, garai hartan oso errepide erabilia baitzen Sunbillakoa.

80ko hamarkada hasieran Itziarren gertaturikoa ere sonatua izan zen. Istorioaren protagonistak prentsan atera ziren euren izen-abizenak emanaz. Goizeko ordu txikietan etxera bueltan zihoan bikoteak autostop egiten ari zen neska bat jaso zuen bide ertzetik. Hiru atekoa zen autoa eta, ondorioz, gelditu, kopilotua atera, atzeko aldera pasatzeko tokia eginaz aurreko eserlekua mugitu... operazio guztia egin behar izan zuten neska eurekin hartzeko. Pare bat kilometro egin zituzten bidean aurrera, gauez, irratiko musikari adi erdi lozorroan, bat-batean neskak odola izoztu zien garrasia egin zuen arte. Atzera begiratu eta arnasa ere izoztu zitzaien, ez baitzegoen neskaren arrastorik. Bikoteak zuzenean Guardia Zibilaren kuartelera jo eta salaketa jarri zutela diote garaiko kronikek. Inguru hauetan kuartelek etxe sorginduek baino beldur handiagoa ematen dutela kontutan harturik, sustoak benetan izugarria behar zuen.

San Kristobal gotorlekua, arima alderraien kaiola

Forte militar izateko diseinatu eta altxa zuten arren, ez zen sekula halakorik izan. Bestelakoa zuen patua, eta ehunka preso usteltzen ikusi zituen iragan mendean zehar bere horma ilunen arten. Gerra Zibilak iraun bitartean eta gerora ere, Francok eta beretarrek 'gorriei' ezarri zieten kondena gupidagabea zen hura.
Iruñeako ingurumarietan, Ezkaba mendian, 1919 urtean amaitu zituzten Alfontso XII edo San Kristobal izenez ezaguna den gotorleku beldurgarri honen eraikuntza lanak. Atxilo batek espero zezakeen zigorrik ankerrena, infernua bera baino okerragoa; dokumentatutako heriotza guztiak (dokumentatu gabeak gehiago izango dira, ziur) ditugu horren froga. Ez zegoen halako baldintza osasungaitz eta antihigienikoak jasango zituenik, eta hotza, gosea, pilaketa, zorriak, tratu krudela eta desesperazioa izan ziren ehunka gatibu errepublikarrek mundu honetatik eraman zuten azken oroitzapena.

Hain zuzen ere, etsipen, amorru eta biziraupen egarri koktel hura izan zen 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldi sonatua piztu zuena, Barricada taldeak La tierra esta sorda diskoko 22 de Mayo kantarekin gogora ekarri zuena. Afalordua omen zen presoek jagoleei giltzak lapurtu eta askatasun bila zeldetatik ihes egitea lortu zutenean. Bide laburra egin zuten, ordea, eta soilik hiruk lortu zuten muga gainditzea; beste 207ek falangistak zituzten zain, heriotza.

Udaberriak joan dira, memoriaren ukapenak lurperatu nahi izan ditu... baina oraindik ere hor daudela diote. San Kristobal gotorlekuaren iluntasunean ustelarazi zituztenen arimek ezin izan omen dute behin betiko kaiolatik irten, eta han ei dabiltza, noraezean, alderrai. Ez dira gutxi bertaratu eta espektro tankerako figurak ikusi izana aitortu dutenak. Halakorik sinetsi ala ez, leku honen historia ikaragarria da bere horretan.  

Otxate madarikatua

Euskal Herrian fenomeno paranormalen erreferentziazko gunerik bada, hori Otxate da. Gasteiztik hamalau kilometrora dago, Trebiñun. Gaur egun, gainontzeko eraikin aurrien artean, etxe bakarra dago zutik, San Migel elizdorrearekin batera. Inguruan, Otxateko osotasuna ikusgai jartzen duen parajea dago, Burgondoko Baseliza. Bertatik, hilobiak kanpoan dituen hilerria eta zaharkitutako eraikin guztiak behatu daitezke.

Otxaten betidanik nagusitu zen zoritxarra, diotenez, eta biztanleek pasarte harrigarriak eta gertakari lazgarriak bizi izan zituzten maiz, XIX. mendean zabaldu ziren izurriteek herritar guztiak akabatu zituzten arte. Gerora, bertaratu direnek ere sumatu omen dute leku honi darion zera berezi hori.

Ikerlarien eskutan egon dira kasu guztiak, baina erantzunik gabeko galdera aunitz zintzilik omen dago oraindik. Egunean zehar, denboraren nozioa galdu izan du batek baino gehiagok bertaratutakoan, eta gauean, berriz, argi misteriotsuak ikusi dituzte askok. Bisitariak uxatzen dituen ahotsa ere azken urteetako aztergaia izan da, "kanpora!" ohiukatzen baitu behin eta berriz (Trebiñu euskalduna dela frogatzen duen orok pozten gaitu, paranormala izanda ere).

Otxate 'bizirik' ezagutu zutenek askotan ekarri dituzte gogora urteetan herrian izan ziren bat-bateko desagerpenak ere, tartean abadearena berarena 1868an. Ageriko azalpenik gabeko erailketak ere ez ziren gutxi izan eta, gainera, gerora ere ez dira argitu. Bestalde, 1947an bertako agintariek igorririko larrialdi deia ere badago erregistratuta: argi arrotz misteriotsuak herria mehatxatzen ari omen ziren.

Gertakari hauek guztiak egiazkoak ote diren beti jarri izan da eta jarriko da zalantzan, nahiz eta 2007an Antonio Arroyok eta Julio Corralek saiakera berezia egin zuten ikerketa bidez frogatutako datuak eta gertaerak liburu batean bildu eta kaleratuta.