'Euskal gaizkileak' podcastaren atal berriak izango dira gaurtik aurrera

'Euskal gaizkileak' podcastaren atal berriak izango dira gaurtik aurrera Lau atal izango dira guztira eta astelehenetan argitaratuko dira. Lafitte anaien inguruko lehen saioa kalean da jada. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-gaizkileak-podcastaren-atal-berriak-izango-dira-gaurtik-aurrera/@@download/image/euskal-gaizkileak-850x300-1.jpg
2022/03/14

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Lau atal izango dira guztira eta astelehenetan argitaratuko dira. Lafitte anaien inguruko lehen saioa kalean da jada.
'Euskal gaizkileak' podcastaren atal berriak izango dira gaurtik aurrera

"Gure herrian gertaturiko krimen ugarik abesten ditugun kantuetan gordeta biziraun dutela" jabetu zen Hasier Etxeberria, eta artikulu serie bat hasi zuen. Haren heriotzaren ondoren, lan hura egiten jarraitu zuen Beñat Hach Embarekek. Podcastak sortzen hastean ZuZeuk Euskal Gaizkileak aurrera ateratzeko apustua egin zuen, eta bidelagun izan zituen Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea eta IN Estudioak-eko Iñigo Etxarri. 2019ko neguan kaleratu zen Euskal Gaizkileak serieko lehen atala, eta azkena 2020ko urtarrilean plazaratu zen; zortzi atal izan ziren guztira.

Orain bueltan dira, lau atal berrirekin. Gaur estreinatu dute lehena, Lafitte anaien ingurukoa, eta astelehenero bat plazaratuko dute. Honela egin dute lehen atalaren deskribapena: "XVIII. mende amaieran eta XIX. mende hasieran Karibe itsasoa guda eremua da, besteak beste, estatuek finantzatutako kortsarioentzat. Tartean Jean eta Piarres Lafitte anaiak, Miarritzeko Kandela etxekoak: kontrabandistak, esklabu trafikatzaileak eta Ameriketako Estatu Batuen askatzaileak".  Lafitte anaien inguruko kontuak ZuZeun bertan idatzi zituen duela pare bat urte Joseba Aurkenerenak.

Beñat Hach Embarek arduratu da zuzendaritzaz eta gidoiaz, eta Xabier Alkiza izan da bikoizketa zuzendaria. Grabaketa, edizioa eta musika konposaketa IN estudioko Iñigo Etxarrik egin du, eta Lafitte izena abestia, berriz, Jurgi Ekiza musikariak. Bikoizle hauek jarri dute ahotsa: Aintzane Gamiz, Mikel Garmendia, Aintzane Krujeiras, Joseba Sacristan, Mikel Mendizabal, Xabier Alkiza eta Kiko Jauregi.