Euskal Filmategiak Jazzinema zikloko pelikulak proiektatuko ditu uztailean eta abuztuan

Euskal Filmategiak Jazzinema zikloko pelikulak proiektatuko ditu uztailean eta abuztuan 'Elis & Tom' dokumentala emango dute bihar Gasteizko Artium Museoan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-filmategiak-jazzinema-zikloko-pelikulak-proiektatuko-ditu/@@download/image/elis_tom.jpg
2024/07/02
'Elis & Tom' dokumentala emango dute bihar Gasteizko Artium Museoan.
Euskal Filmategiak Jazzinema zikloko pelikulak proiektatuko ditu uztailean eta abuztuan

Euskadiko Filmategiak antolatutako Jazzinema zikloaren zazpigarren edizioak lau film emango ditu uztailean eta abuztuan, Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera), Iruñean (Golem) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect).

Aurtengo zikloa osatzeko bi dokumental —emakumeak dituzte protagonista ia erabat— aukeratu dituzte, bossa nova zineman sartu zuen filma eta, azkenik, animaziozko dokumental bat, Fernando Truebak eta Javier Mariscalek zuzendua. 

Elis & Tom. Só tinha de ser com você (Roberto de Oliveira, Jom Tob Azulay, 2023) dokumentalak Elis Regina eta Tom Jobim ditu protagonista. Bossa nova generoko diskorik garrantzitsuenetako baten grabaketa da zintaren ardatza, Elis & Tom (1974) albuma, alegia. Miúcha. 

A voz da bossa nova (Liliane Mutti, Daniel Zarvos, 2022) da bigarren dokumentala, eta Heloísa María Buarque de Hollanda Miúcha brasildarraren bizitza kontatzen du. Harekin batera ageri dira filmean mugimendu horretako beste zenbait musikari, hala nola João Gilberto, Chico Buarque de Hollanda, Vinícius de Moraes edo Tom Jobim.

Vinícius de Moraesek idatzitako Orfeu negro -Orfeo beltza- (Marcel Camus, 1959) ere emango dute. Rio de Janeiroko inauterietan girotzen da Orfeo eta Euridizeren mito greziarra.

Zikloa amaitzeko, Dispararon al pianista -They Shot The Piano Player- (Fernando Trueba, Javier Mariscal, 2023) proiektatuko da, Tenório Júnior pianista brasildarrari buruzko animaziozko dokudrama. 1976an bahitu egin zuten, eta Buenos Airesko Armadaren Goi Ikastegi Mekanikoan (ESMA) egon zen giltzapetuta. Azkenean, hil egin zuen Jorge Rafael Videla diktadore argentinarraren poliziak. 

Elis & Tom. Só tinha de ser com você Jazzaldiaren zuzendari den Miguel Martinek aurkeztuko du Donostian, eta Arabako hiriburuan, berriz, Gasteizko Jazzaldiaren zuzendari Alberto Ibarrondok. Dispararon al pianista -They Shot The Piano Player- lanaren emanaldian, Fernando Trueba izango da.

Informazio guztia www.filmoteka.eus atarian koltsulta daiteke, eta sarrerak emanaldiaren aretoetako webguneetan eskura daitezke.