Euskal film laburren Laburbira

Euskal film laburren Laburbira https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-film-laburren-laburbira/@@download/image/labur_bira_1395048555.jpg
2014/03/17
berria
2013ko euskal film laburren aukeraketa bat biltzen du aurtengo Laburbirak, Euskaltzaleen Topaguneak, euskal ekoizpenak gurean zabaldu asmoz, urtero antolatzen duen proiekzio zirkuituak. Besteak beste, Pello Gutierrezen ‘Abuztua’ eta Asier Sustaetaren ‘Aio’ lanak aurkeztuko dituzte.


Martxoan 14an hasi eta apirilaren 12ra bitarte, iaz aurkeztu ziren film laburren artean zortzi Euskal Herriko 30 aretotan proiektatuko dituzte Topagunearen ekimenez. Laburbiraren helburua gurean ekoitzitako ikus-entzunezkoak jendartera hedatzea da, izan ere, nazioartean sariak eskuratu dituzten arren, gutako askok ez du haien berririk. Halaber, sortzaile eta ikusleen arteko harremana indartzeko balio dute jardunaldiek, zenbait emanaldiren ostean solasaldiak egiten baitituzte.

Aurtengo edizioan proiektatuko dituzten lanen artean denetarik aurkitu ahal izango dute ikusleek. Pello Gutierrezen Abuztua, Asier Sustaetaren Aio, Kepa Errastiren Euskaldun berriaren esketxa, Aitor Gametxo, Maider Fernandez eta Maria Elorzak aurkeztutako Irudi Mintzatuen Hiztegi Poetikoa, Iñaki Beraetxeren Marylin, Mediaworks 3.0-k ekoitziako Plaza bakarra, eta Lara Izagirreren Sormenaren bide ezkutuak dira zortzi lanak.

Pertsonen arteko harremanak, sukaldaritza, euskararen erabilera, intriga... izango dituzte aztergai gehienez ere 17 minutuko iraupena duten lanek. Filmeei buruzko informazioa eta egutegia jakin nahi izanez gero, sartu ondorengo helbidean.