Euskal emakume erreferenteei buruzko proposamenak irabazi du 'Hi(ZKI)bridoak' laguntza
Biboko Euskararen Etxeak euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza abiatu du aurten lehen aldiz. Lehenengo deialdi honetan Eider Perez Martinezek eta Ane Garcia Lopezek aurkeztutako egitasmoa aukeratu du epaimahaiak. Erreferenteak behar ditugu, biba erreferenteak! izenburupean aurkeztu dute proiektua eta “euskal (emakume) erreferenteen urritasunaren ideia mito bat dela” adierazi nahi dute honekin, “ahanzturak pisu handia duela”. Egileen hitzetan, “euskal kulturaren barnean elkarren erreferente ere izan gaitezkeela eta hutsuneak kanpora begira gaudenean sortzen direla ere aldarrikatuko dugu. Ahaztu gabe kanpoko erreferenteak lagungarriak direla”.
Hainbat diziplina eta adierazpide uztartuko dituzte egitasmoan, tartean, spoke word, poesia eta musika. “Emanaldi honetan, euskaraz sobera baliatu ez den formatu bat izango da ardatza: ingelesez spoken word eta euskaraz hitz esana dei litekeen hori. Errezitatzeko modu horrek berak jada batzen ditu diziplina desberdinak, poesia errezitatzeko era hori antzerkitik edo performancetik gertu baitago, irakurketa dramatikotik gertu. Horrez gain, hainbat poemaren irakurketa zuzeneko musikaz lagunduta egongo dira”, adierazi dute.
Hautatutako lanak 3.000 euroko ordainsaria jasoko du, eta lehenengo emanaldia 2022ko Hi(ZKI)bridoak kultur zikloaren baitan eskaini beharko dute. Bost kidek osatu dute beka honetako epaimahaia: Eneko Sagardoy aktoreak, Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte-kritikariak, Onintza Enbeita bertsolariak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak.

