Euskal Dantza ikasteko lehen online eskola martxan diasporan

Euskal Dantza ikasteko lehen online eskola martxan diasporan Abian da DANTZA MUNDUAN programaren lehengo edizioa AIKO TALDEAren on-line dantza eskolarekin elkarlanean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-dantza-ikasteko-lehen-online-eskola-martxan-diasporan/@@download/image/aikoeskolaDiáspora7 (1).jpg
2020/11/27
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Abian da DANTZA MUNDUAN programaren lehengo edizioa AIKO TALDEAren on-line dantza eskolarekin elkarlanean.
Euskal Dantza ikasteko lehen online eskola martxan diasporan

Koronabirusak oraindik ere gehiago urrundu ditu Euskal Herriko eta diasporako harremanak, baina teknologia berriei esker, hainbat ekimenek aurrera egiteko bidea aurkitu dute. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritza eta AIKO Taldea, dantza maisu eta musikarien kolektiboak, akordio batera heldu dira, Diasporari aikoeskola.eus webgunearen bitartez dantzako prestakuntza eskaintzeko.

Dantza eskola digitala sekulako abantaila da euskal dantza ikasi nahi duen edonorentzat, nonahi gaudela dantzan ikasteko aukera eskaintzen duelako; mugikorrean, tabletan ala ordenagailuan ikusi daiteke, astero klase berri bat eskaintzen dute zuzenean, eta horrekin batera pausoz pauso dantzak irakasteko aukera dago. Dagoeneko eskuragarri daude jota eta fandangoa, arinarina eta porrusalda eta valsa, mazurka, pasodoblea, tangoa, jauziak, mutil-dantzak, zortzikoak, boleroak, polkak... eta askoz gehiago!

Klase hauek prezio bat dute berez, baina Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak, "DANTZA MUNDUAN" programa honen bidez, eskola horiek on-line jarraitzeko aukera eskaintzen die kanpoan den euskal komunitatea osatzen duten pertsonei, inolako kosturik gabe, dantza kanpoan bizi diren euskaldunei erakusteko eta eskuragarri jartzeko. Izen-ematea euskal etxeen bitartez egin behar da eta izena emateko epea abenduaren 13an amaituko da. Eskolak, plataforma bezala, hiru hizkuntzatan egingo dira: euskaraz (ostegunean), gaztelaniaz eta ingelesez (igandean).