Euskal dantza graduondoa EHUn!

AEBko eta Europako beste unibertsitate batzuen antzera, herri kulturaren adierazpide jatorrari eskainitako graduondoa eskainiko du aurten Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU); zehazki, euskal dantza tradizionalaren inguruan. Halakorik eskaintzen duen lehen unibertsitatea izango da.
Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara izeneko graduondokoa dantzariei, dantza irakasleei eta euskal dantzan trebatuta daudenei zuzenduta dago. Irakasleen artean, izen handiko dantzari eta koreografoak daude: hala nola, Jon Maia Kukai konpainiako zuzendari eta dantzaria, Juan Antonio Urbeltz ikerlari eta Argia taldeko zuzendaria, eta Oier Araolaza antropologo eta dantzaria.
Bederatzi hilabeteko iraupena du (urritik ekainera), eta hiruhileko hiru modulutan banatu dute: Euskal Dantzaren teoria eta historia, Tradiziotik sorkuntzara, esperientzia eta ekarpen berriak eta Musika, dantza eta pedagogia. Ikasleek dantzen ibilbide teorikoa jasoko dute bertan, bertsio tradizionaletik egungo abangoardiako adierazpenetara.
Eskolak Leioako Campuseko Hezkuntza Fakultatean eskainiko dituzte. Modulu horietako bakoitza (100 ikastordu bakoitzak) modu independentean egin ahal izango da, ikastaro osagarri kalifikazioa du eta 10 kreditu emango ditu. Hori dela eta, diploma osatzeak 30 kreditu emango ditu guztira.
Izena emateko prest? Zortekoa zara! Epea zabalik dago EHUren webgunean (900 euro; 300 euro, modulu bakoitza).