Euskal bideo-jokoen jardunaldien liburuxka argitaratu dute

Euskal bideo-jokoen jardunaldien liburuxka argitaratu dute Lehenengo hiru edizioen hitzaldiak bildu dituzte, eta digitalki deskargatu daiteke. Ostiralean aurkeztuko dute Twich bidez, eta bi ale zozkatuko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-bideo-jokoen-jardunaldien-liburuxka-argitaratu-dute/@@download/image/Azala - Jokoteknia Liburua.png
2022/05/31

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Lehenengo hiru edizioen hitzaldiak bildu dituzte, eta digitalki deskargatu daiteke. Ostiralean aurkeztuko dute Twich bidez, eta bi ale zozkatuko dituzte.
Euskal bideo-jokoen jardunaldien liburuxka argitaratu dute

Azkue Fundazioak eta Game Erauntsia Elkarteak bideo-jokoei buruzko euskara hutsezko liburua argitaratu dute. Bilbon antolatzen duten Jokoteknia jardunaldien 2018, 2019 eta 2020ko edizioen hitzaldien idatzizko bilduma da. 

Guztira hamalau testu ditu liburuak. Hainbat gai jorratzen dira bertan, besteak beste, euskal bideo-jokoen historia, ekoizpena, diseinua eta animazioa, itzulpengintza eta lokalizazioa, kontserbazioa eta feminismoa. Testuen egileen artean nazioarteko enpresa handietan lan egiten duten profesionalak, Euskal Herrian lan egiten dutenak eta Frantziako eta Kataluniakoen ekarpenak daude. Genero arrakalari erantzun nahian, hiru emakumek ere parte hartu dute: Jone Zalduegi Urresti, Emoki Elkarteko Hezkidetza eta sexualitate arloko arduraduna; Itziar Zorrakin Goikoetxea, gameplay programatzailea eta EHUko itzulpengintza doktoregaia; eta Laura Santamaria, Universitat Autonoma de Barcelona-ko ikus-entzunezko itzulpen irakaslea. Gainera, liburuaren editorea Maitane Junguitu Dronda da, komunikazioan doktorea eta Game Erauntsiko kidea.

Bizkaiko liburutegi publiko guztietan paperezko ale bat izango da, bizkaitar guztiek liburua eskura dezaten. Bestalde, kopia digitala ere zabaldu dute. Aurtengo jardunaldiak prestatzen ari direla jakinarazi dute, eta iazko eta aurtengo hitzaldiekin bigarren liburuxka bat argitaratzeko asmoa ere badute.

Aurkezpena Twich bidez
Liburua ekainaren 3an, ostiralean, aurkeztuko dute 18:30ean, Game Erauntsiaren Twitch kanalean. Aurkezpena liburuaren editoreak bideratuko du, Maitane Junguituk, eta berarekin batera izango da liburuko atal baten egilea den Itziar Zorrakin gameplay programatzailea eta itzulpengintza doktoregaia ere. Liburuaren bi ale ere zozketatuko dira.