Euskal artisten lehen mintegia egingo da larunbatean Oiartzunen

Euskal artisten lehen mintegia egingo da larunbatean Oiartzunen Sortzaileen egoera fiskalaz eta lan erregimenaz hitz egingo dute, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-artisten-lehen-mintegia-egingo-da-larunbatean-oiartzunen/@@download/image/preview.jpeg
2023/10/18
Sortzaileen egoera fiskalaz eta lan erregimenaz hitz egingo dute, besteak beste.
Euskal artisten lehen mintegia egingo da larunbatean Oiartzunen

UEUk eta Lanarteak Euskal Artisten lehen mintegia antolatu du larunbaterako, Oiartzungo Landetxe Kultur Aretoan, "Artistaren Estatutua. Nondik? Nola? Norentzat? Zertarako?" izenburupean. Goizeko bederatzietatik ordu bietara izango da mintegia.

Goizeko bederatzietan ongi etorria eta sarrera egin ostean, mahai-ingurua egingo dute ordu laurden geroago, Artistaren Estatutuaren inguruan solasean aritzeko.  Odei Barroso musikari eta ekoizleak, Pantxika Telleria dantzari eta koreografoak eta Maddi Goikoetxea aktoreak hartuko dute parte, Sustrai Colina bertsolariaren gidaritzapean.  Iparraldeko zein Hegoaldeko sortzaile eta interpreteek, intermitentziaz, autonomo erregimenaz eta Euskal Herrian indarrean dauden mugez eta lege ezberdinen hutsuneez eta indarguneez hitz egingo dute, ikuskizun publikoetako langileen ikuspegitik batez ere.

Jarraian, 10:30ean, Lanartean-eko Amagoia Gurrutxaga eta Xabier Barinaga-Rementeria abokatua sortzaileen egoera fiskalaz eta lan erregimenaz arituko dira. 

Atsedenaldiaren ostean,Loreak belaunetan dokumentala proiektatuko da. Azkenik, 13:00etatik 14:00etara, talde dinamika egingo dute eta amaierako ondorioak aterako dituzte, Aner Peritzek eta Maider Arregik dinamizatuta.

Gaur amaituko da izena emateko epea.