Euskal artistek Eskozia hartu dute

Euskal artistek Eskozia hartu dute Ehun euskal sortzaile Eskoziako jaialdi nagusitan izango dira! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-artistek-eskozia-hartu-dute/@@download/image/Captura de pantalla 2019-01-17 a las 09.00.34.png
2019/01/17
berria
Ehun euskal sortzaile Eskoziako jaialdi nagusitan izango dira!
Euskal artistek Eskozia hartu dute

Euskal kulturak presentzia berezia izango du 2019. urtean Eskozian. Etxepare Euskal Institutuak, Eskoziako hiri nagusienetan urte honetan zehar burutuko den programa kultural eta artistikoa aurkeztu du. Egitasmoaren helburua da euskal sorkuntza garaikidea ezagutzera ematea eta kultura, arteak eta hizkuntzaren bidez Eskoziarekin harremanak estutzea.

Literatura, arte eszenikoak, musika eta zinea jorratuko ditu, besteak beste, #ScotlandGoesBasque egitasmoak. Diziplina anitzeko programa honek euskal artista eta sortzaile garrantzitsuenetako batzuk aurkeztuko ditu Eskozian urtarriletik urrira bitarte. Proposamen honen bidez euskal kulturaren aniztasuna eta aberastasuna ezagutzeko aukera izango du Eskoziako eta nazioarteko publikoak, baita akademiako, eta kultura eta sormen industrietako profesionalek ere.

2019an, 20tik gora kultur jarduera, foro eta topaketaz osaturiko eskaintza egingo da, besteak beste, Eskozian lehen mailakoak diren programazio hauetan: Celtic Connections musika jaialdia (Glasgow), Edinburgh International Book Festival,  Edinburgh International Film Festival edota Edinburgh Festival Fringe-n Dance Base gunean (Edinburgo). Glasgown egingo den Celtic Connections jaialdia izango da horietatik lehena (urtarrilaren 17tik otsailaren 3ra bitarte); eta bertan Huntza, Oreka Tx, Korrontzi eta Kalakan euskal taldeek, eta euskal musikari batzuk barnebiltzen dituen Tosta Banda talde kultur anitzak parte hartuko dute.

Kultura, arteak eta hizkuntzaren bidez, eta sortzaileen arteko elkarrizketa baliatuz, Eskozia eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutzeko bokazioa du egitasmoak. Etxepare Euskal Institutuak espero du programatutako kultur jarduerek, alde batetik, euskal kultura hobeto ezagutu dadin laguntzea, eta bestetik, elkarrizketa berriak sortzen, elkartrukeak areagotzen, eta sinergiak eta lankidetzak eragiten laguntzea. Zentzu horretan, aipatzekoa da dagoeneko elkarlanerako bideak ezarri direla Eskoziako eta Euskal Herriko hainbat kultur eragileren artean, hala nola, Durangoko Azoka, Literaktum, eta Gutun Zuria, literaturaren arloan, eta Atlantikaldia eta Dantzagunea dantzaren esparruan.

Informazio gehiago hemen.