Euskal antzerkiaz gozatzeko aukera izango da datozen hilabeteetan Ipar Euskal Herrian

Euskal Kultur Erakundea euskal antzerkia Iparraldean hedatzeko lanean arituko da hurrengo sei hilabeteetan ere, Ibilki programaren bidez. Euskal Kultur Erakundearen hitzetan, "urtez urte, hain kalitatezko proposamen anitzak ateratzen direla eta, gero eta ikusle gehiago biltzen dira". Uztailetik abendura, hamar konpainiak hamabost emanaldi eskainiko dituzte Baiona, Hendaia, Ziburu, Arrosa, Donibane Garazi, Donazaharre, Hiriburu eta Biriatu herrietan.
Joan den uztailaren 5ean eman zioten hasiera egitarauari, Txoborro Magoarekin. Hurrengo hitzordua ostiralean izango da, Donazaharren, eta Jour de Fête konpainiaren Bidea antzezlana ikusi ahal izango da zortzietatik aurrera.
Abuztuan beste bi emanaldi egingo dituzte. Alabena konpainiak antzerkia, dantza, eta musika uztartzen dituen Izakiak ikuskizuna eskainiko du abuztuaren 25ean, 18:00etan, Donibane Garazin. Hurrengo egunean, ordu eta herri berean, Jour de Fête konpainiak Besteen kalea antzezlana taularatuko du.
Irailaren 24an, Rouge Elearen Hemen gaude, dena ongi ikuskizuna izango da Ziburuko plazan, 18:00etan. Hilaren 27an, berriz, Euskal musikaren benetako istorioa eskainiko dute Mikel Martinez eta Patxo Telleriak Baionako Luna Negran, 20:30ean.
Urrian ere beste bi emanaldi izango dira: batetik, Hecho en casa konpainiaren Izpiliku sasi gibelean gordeturik, Cyranok lixibaren usain ona zuen eta Balle Perdue kolektiboaren GORA! Un selfie aux milieu des sioux. Lehena, urriaren 2an izango da, 18:00etan, Arrosan eta bigarrena, aldiz, urriaren 13an, 20:30ean, Baionako Patxa plazan.
Azaroa izango da hilabeterik oparoena, honako bost ikuskizun hauek izango baitira gozagai: Nanoua konpainiaren Kutxetan ibilki, Ez Dok Hiru konpainiaren Euskal musikaren benetako istorioa, Rouge Elea taldearen Zuek, Axut konpainiaren Hondamendia, eta Itzuli konpainiaren Oihana. Ez Dok Hiru konpainiaren antzezlana bi aldiz eskainiko dute, gainera, batean Biriatun eta bestean Hiriburun.
Azkenik, abenduaren 9an, Jour de fête konpainiaren Besteen kalea izango da ikusgai Hiriburun, 10:00etan eta 14:00etan.
Egitarauaren inguruko xehetasun guztiak hemen kontsulta daitezke.