Euskal antzerkia hedatzea helburu duen 'Ibilki' ekimena izango da martxan Ipar Euskal Herrian hilabeteotan

Euskal Kultur Erakundea aktiboki ariko da Ipar Euskal Herrian euskarazko antzerkiaren hedapenaren alde eta Ibilki egitasmoaren bidez, hainbat emanaldi eskainiko dira, otsailetik ekainera, Azkaine, Baiona, Biriatu, Ziburu, Hendaia, eta Donibane Lohizunen. EKE-k azaldu duenez, "gure lurraldean barna ibiltzeko eta gure artisteengana joateko aukera paregabea" izango da.
"Urtez urte kalitatezko proposamen anitz" ateratzen direla, eta "gero eta ikusle gehiago" biltzen direla adierazi du EKE-k. Ekimenaren helburuak honako hauek dira: euskarazko antzerkiaren hedapena sostengatzea lurraldean, euskarazko antzerkiari dinamika berri bat ematea, publikoa berritu eta garatzea, eta programatzaile sare bat sortzea.
Aurtengo lehen seihilekoan, Iparraldeko ikusgarri geletan ibiliko dira zazpi konpainia, dozena bat emanaldi eskainiz, "jakinez jadanik hainbat antzezlan programatuak direla bigarren urte erdiarentzat". Honako hauek izango dira datorren astetik aurrera martxan izango den ekimenean parte hartuko duten antzezlanak: Eleka Konpainiaren Iki Mihi Klik, Compagnie Jour de Fête-ren Besteen kalea, Xake Produkzioak-en Lur, Itzuli konpainiaren Oihana, Huts Teatroaren Atzerrian Lurra Garratz, Axut!-en Amua, eta Rouge Elearen Dena ongi hemen gaude.
Programazio osoa hemen dago kontsultagai.