Euskal Antzerki Topaketen teloia zabalduko dute Azpeitian

Euskal Antzerki Topaketen teloia zabalduko dute Azpeitian Azaroaren 1etik 26ra, haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat amateur zein profesional mailako hamaika obra izango dira ikusgai herrian! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-antzerki-topaketen-teloia-zabalduko-dute-azpeitian/@@download/image/azpeitia2.jpg
2017/10/30
berria
Azaroaren 1etik 26ra, haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat amateur zein profesional mailako hamaika obra izango dira ikusgai herrian!
Euskal Antzerki Topaketen teloia zabalduko dute Azpeitian

Antzerki Eskolen Egunarekin zabalduko dute XXXV. Euskal Antzerki Topaketen teloia, azaroaren 1ean, asteazkenean. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak antolatuta eta Metrokoadroka Taldearen eskutik antzerki ikerkuntza tailerrak eskainiko dituzte goiz osoan, plazan. Horrez gain, Pertsonaien iraultza kale antzerkia izango da ikusgai, Antzokitik at! taldearen eskutik.

 

Azken urteetan bezala, aurten ere lau astez luzatuko dira antzerki topaketak, eta mota guztietako eta adin guztietako herritarrentzat obrak izango dira ikusgai. Haurrentzako eta helduentzako antzezlanak, ikasleei zuzendutako antzerkiak eta V. Antzerki Eskolen Eguna izango dira, besteak beste.

 
Antzerki topaketak euskara hutsean egingo dira; Josu Labaka Azpeitiako kultura zinegotziaren hitzetan, topaketekin euskal antzerkiari "bultzada ematen saiatu" dira, eta aipamen berezia egin dio kultura teknikari Pili Arrietari, urtez urte topaketak antolatzeko ilusioz egiten duen lanagatik.

 

Ikuslearen saria

Ikusleek garrantzi handiko ardura izango dute topaketetan; emanaldi bakoitzaren hasieran, 0tik 10era zenbakitutako txarteltxo bana emango diote ikusle bakoitzari, bukaeran gogokoena bozkatu dezaten.

 

Sarrerak, Internetez ere bai

Topaketetarako sarrerak aurrez Internet bidez erosi ahal izango dira azpeitia.eus webgunean. Horrez gain, antzezlanen egunetan erosi ahal izango dira Soreasu antzokiko leihatilan. Obra baino ordubete lehenago zabalduko dute leihatila, eta helduek bost euro eta 14 urte bitartekoek 3 euro ordaindu beharko dute sarrera. Gaztetxean eskainiko diren emanaldiak, berriz, doan izango dira.