Euskal Antzerki Topaketak Azpeitian

Euskal Antzerki Topaketak Azpeitian Hamalau antzezlan izango dira guztira ikusgai eta horietatik lau estreinaldiak izango dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-antzerki-topaketak-azpeitian-1/@@download/image/zuhaitzalandatzen.jpg
2021/10/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hamalau antzezlan izango dira guztira ikusgai eta horietatik lau estreinaldiak izango dira.
Euskal Antzerki Topaketak Azpeitian

Euskal Antzerki Topaketen 39.edizioa martxan da eta azaroaren 14ra bitartean hamalau antzerki obra eskainiko dituzte eta baita Corrado  Masacciren txontxongile tailerra eta erakusketa ere. Antolatzaileek adierazi dutenez, "Antzerki Topaketak denontzako plaza izan nahi du: konpainia kontsolidatuen plaza, konpainia berrientzako aukera eta herri antzerki edo antzerki talde amateurrentzako oholtza. Denetariko antzerki obrak eskaintzea da asmoa, denetariko ikus-entzuleentzako ikuskizunak izatea".

Hamalau antzerki obretatik lau estreinaldiak izango dira  eta, era batera edo bestera, Azpeitian sormen egonaldia egindakoak dira. Atx teatroaren Lubaki Lainotsua taularatu zuten joan den ostiralean, eta urriaren 28an Ze ona antzerki taldearen Tempus Fugit obra izango da ikusgai. Hainbat eragilek elkarlanean bultzatutako Zubi proiektuaren bidez Azpeitian egondako Formol Laborategiaren Album antzezlana azaroaren 11n estreinatuko da. Eta, berritasun gisa, aurten, Kulturaz Kooperatibak emandako pauso bati esker, beraiek ekoitzitako Kamikaz kolektiboa eta Ttak teatroaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi ikusteko aukera izango da urriaren 31n.

Beste antzezlan batzuk ere izango dira topaketetan, hala nola Gorakada Teatroaren Zuhaitzak landatzen zituen gizona; Pez Limboren Harri,orri, har; Mauma konpainiaren Lurrun minez; Eromen Produkzioak konpainiaren Guateke; Formol laborategiaren Album; eta Anita Maravillasen Kotondarrak. Demode Quartet-en Kutxidazu bidea Ixabel musikalak emango die amaiera topaketei. Egitarau osoa eta antzezlanen inguruko informazioa kontsultagai dago sarean.

Ikuskizun guztietarako sarrerak Azpeitiko Udalaren webgunean eskura daitezke. Helduek 5 euro ordaindu beharko dute eta haurrek, berriz, 3 euro.