Euskadiko Orkestrak film ezagunen soinu bandak joko ditu irailean Donostian

Euskadiko Orkestrak film ezagunen soinu bandak joko ditu irailean Donostian 'Karibeko piratak', 'Titanic', 'Maskara', edota 'Bizitza ederra da' pelikulen abesti entzutetsuez gozatu ahal izango da, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskadiko-orkestrak-film-ezagunen-soinu-bandak-joko-ditu-irailean-donostian/@@download/image/euskadiko orkrestra.png
2022/07/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

'Karibeko piratak', 'Titanic', 'Maskara', edota 'Bizitza ederra da' pelikulen abesti entzutetsuez gozatu ahal izango da, besteak beste.
Euskadiko Orkestrak film ezagunen soinu bandak joko ditu irailean Donostian

Euskadiko Orkestrak ¡De película! izeneko zinema-musika ikuskizuna egingo du irailaren 1ean, 20:00etan, Donostiako Kursaal auditoriumean. Film ezagunetako musika eta pertsonaien ahotsak uztartuko dituzte emanaldi honetan. Euskadiko Orkestraren interpretazio musikalarekin eta irudien proiekzioarekin batera, Hollywoodeko protagonista nagusiak entzungo dira bikoizleen ahotsean. 

Honako film hauek soinu banden interpretazioa egingo dute: Good morning, Vietnam! filmeko Bob Thiele eta George Weissen What a wonderful world ; Deabruzko panpina filmeko soinu banda, Joe Renzettyk sortua; The Mask pelikulako Hey Pachuco, Randy Edelmanena; Erregearen hitzaldia filmeko 7. Sinfonia, Ludwig Van Beethovenena; Titanic filmeko soinu banda, James Hornerrek egina; John Williamsek Uztailaren 4an jaioa pelikularako egindako soinu banda; Mission: Impossible, Lalo Schiffrin-ek sortua; Mrs. Doubtfire filmean ageri den Sevillako bizargina (Figaroren aria), Gioachino Rossinirena; John Williamsek Harrapa Nazak Ahal Baduk filmerako egindakoa; Bizitza ederra da pelikulakoa, Niccola Piovanirena; Karibeko piratak, Hans Zimmer; eta Forrest Gump, Alan Silvestri.

Ruben Gimenok zuzenduko du kontzertua eta Jordi Brau eta Luis Posada aktore bikoiztaileek ere parte hartuko dute, interpretatu ohi dituzten aktore ezagunen pertsonaien lokuzioak eginez. Lokuzioa gaztelaniaz izango da, euskarazko azpitituluekin. Sean Penn, Nicolas Cage, Kenneth Branagh, Dennis Quaid, Robin Williams, Tom Cruise, Daniel Day-Lewis, Roberto Benigni eta Tom Hanks aktoreen bikoizlea da Jordi Brau, besteak beste. Luis Posadaren ahotsak, berriz, Johnny Depp, Jim Carrey, Adrien Brody, John Cusack edota Leonardo Di Caprio aktoreak interpretatzen ditu.

Sarrerak 25 eurotan daude salgai eta Euskadiko Orkestraren abonatuentzat 20 eurotan.