Europan animaliekin esperimentatzeari amaiera jarri nahi zaio

Neurri honek Komisio Europarrari eskatzen dio ekintza plan bat osatzeko animalien esperimentuekin amaitzeko. Plan hau osatzearen alde bozkatu zuen Europar Parlamentuak pasa den astean. Holandako Animalien aldeko alderdiaren proposamena izan zen eta bertan zenbait helburu zehazten dira urtero urtero Europako laborategietan erabiltzen diren 22 milioi animaliren sufrimenduari amaiera jartzeko.
Izan ere, Europan, oraindik ere, milioika arratoi, txakur, untxi eta bestelako animalia erabiltzen dira laborategietan eurekin esperimentatzeko. Hezkuntza alorrean erabiltzen dira batzuk eta beste asko produktu ezberdinekin esperimentatzeko laborategietan, ondoren sendagai edota kosmetiko bezala merkaturatzeko Honek, ez diruz ez denboraz ordaindu ezin den sufrimendua dakar animalia horientzat. Gainera, oraintsu frogatu da animalietan lortutako emaitzak ez direla nahikoak eta gainera, sekula baino alternatiba gehiago dagoela ikerketarako animaliak erabili beharrik ez izateko.
Erabaki historiko honetan Europa Parlamentuak Europar Komisioari animaliarik gabeko esperimentazio metodoak sustatzeko eskatzen dio, baita animaliekin esperimentatu behar dela exijitzen duen Europar Batasuneko araua aldatzeko. Erabakiak erdibideko helburu zehatz eta betegarriak ere zehazten ditu eta kronograma bat ere badu.
Animalien Aldeko alderdikoa den Anja Hazenkamp eurodiputatua gustura agertu da proposamenak izandako babes zabalarekin. "Europar Batasunak zin egin du 30 urtetan zehar abusuak sufritzen dituzte laborategiko animalien kopurua murriztu egingo duela. Ekintza plan honekin guztiok irabazten dugu, pertsonok, beste animaliek eta ingurumenak. Zientzia erabili behar genuke, ez animaliak", aipatu du Hazenkamp-ek.