Europa Gasteiz da

Europa Gasteiz da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/europa-gasteiz-da/@@download/image/63p19-1.jpg
2006/05/05
erreportajea
Maiatzaren 5etik 13ra, ia 100 film ikusteko aukera izango da Gasteizen, II. Neff zine-jaialdiaren baitan. Aurten, Belgikako zinema izango da protagonista.

Beste behin ere, Gasteizko kaleak aktore, gidoigile eta zine zuzendariez beteko dira Neff (New European Film Festival) zinemaldia dela-eta. Iaz antolatu zuten lehen aldiz zinemaldi hau, eta aurten, sail berriekin eta film gehiagorekin dator.

Neff jaialdiak aukera paregabea eskaintzen du europear zineman zer egin den eta zer egiten ari den jakiteko. Aurten, 11 atal nagusi izango ditu jaialdiak.

Batetik, sail ofiziala dago. Sail ofizialean, sari nagusia irabazteko aukera duten hamabi film luze eskainiko dira, Europa osokoak. Cortada sail ofizialean, berriz, hogeita hamar film labur aurkeztuko dira. Hogeita hamar film hauetatik zazpi, Euskal Film Labur onenaren saria lortzeko lehiatuko dira.

Bestetik, gai zehatzekin lotutako hamar atal izango ditu jaialdiak: Alemaniatik etorritako film laburrak, Marlen Dietrich aktoreari buruzko sail berezia, epaimahaikideen filmak, haurrentzako saioak, zinema eta musika atala…

Euskal Festival

Sail horietan guztietan, ez dira faltako euskal herritarrek egindako filmak. Epaimahaikideetako bat Aitzpea Goenaga aktore eta zuzendaria izango da, eta beraz, "Zeru horiek" bere film berria ikusteko aukera izango da. Haurren sailean, berriz, Joxean Muñoz eta Xabi Basterretxearen "Karramarroen uhartea" eskainiko da. Bestalde, Kepa Sojo gasteiztarraren "El síndrome de Svensson" Sail ofizialean lehiatuko da. Euskal Film Laburren sarirako, berriz, zazpi lan izango dira lehian; besteak beste, Asier Altunaren "Sarean" filma.

Alemaniatik Belgikara

Iaz, Alemaniako filmak aukeratu zituzten gonbidatutako herrialdearen sailerako. Aurten, berriz, Belgikako zinegileen filmak ikusteko aukera izango da (Dardenne anaiak, Van Dormael…) Zine belgikarraren atala, EHUko jardunaldien baitan kokatuko da. Unibertsitatean bertan eskainiko dituzte filmak, eta, kredituak balioztatzeko aukera emango zaie ikasleei.

MUSIKA TAILERRA


Neff jaialdiaren baitan, musika nola sortu ere irakatsiko da aurten. “Erritmoa, sorkuntza eta teknologia berriak” izeneko bi modulutako ikastaroa antolatu dute horretarako. Musika ordenagailu bidez sortzeko sekretuak ezagutaraztea da xedea.
“PCa tresna moduan” izeneko lehen moduluan, hip-hop eta rap baseak nola egin erakutsiko dute. Maiatzaren 5ean, 6an eta 7an izango da hori. “PCa, konposiziorako tresna” izeneko bigarren moduluan, aldiz, se-kuentziazioa, sanpleoa eta Cubase bezalako programak nola erabili irakatsiko dute. Maiatzaren 8an izango da hori.