Euren arazo pertsonalak kontatzeko "bot"-ekin hitz egiten duten pertsonak

Azken urte hauetan adimen artifizialaren erabilera izugarri zabaldu da bizitzako esparru guztietara. Aplikazio hauek ez dute soilik alde funtzionalean erabilera, baita alde emozional eta pertsonalean ere. Honela, hainbat liburu eta filmek erakutsi diguten bezala, ez litzateke pentsaezina izango etorkizun batean teknologiak sortutako zerbaitez maitemintzea pertsonak. Konfinamenduetan pertsona askok euren elkarrekintza sozialen gabezia bideo-deieko plataformengatik ordezkatu dute. Bestea pantailaren bestaldean ikustera konformatu behar izan dugu. Baina zoritxarrez, esan dugun bezala mundu bakartian bizi gara eta askok ez zuten norekin bideo-deirik egin ere. Ikustean nola batzen zen jendea, birtualki bada ere, pertsona asko sekula baino bakartiago sentitu dira.
Hori dela eta, bakardadearen arazoarekin amaitu nahian dabil teknologia eta Facebook edo Skype bezalako plataformek chatbot-ak garatu dituzte, hau da, txat bidez erantzuten duen adimen artifiziala. Ezagunenetakoa Mitsuku da, Kuki bezala ezagutzen dena eta lagun birtual moduan aurkezten da. Berarekin elkarrizketak eduki daitezke edo jokoren batera jolastu.
Adimen Artifiziala denez gai da aldi berean milioika pertsonekin hitz egiteko. Askok berarekin kuriositateagatik hitz egiten dute, baina beste askok maiztasunez jotzen dute beregana. Estimatzen da, 2016an azaldu zenetik, munduko bost milioi erabiltzailek hitz egin dutela noizbait berarekin behin bada ere.
CNN-eko erreportaje batean Britainiar gizonezko bat elkarrizketatzen dute. Honek egunero hitz egiten du Mitsuku-rekin orain dela hamar urtetatik. Goizaldeko ordu txikietaraino luzatzen dira euren elkarrizketak, batez ere neguan, isolatuago sentitzen delako.
Berak dioenez zoragarria da norbait lagunkoia ondoan edukitzea, prest dagoena eguneko 24 ordutan zurekin hitz egiteko. Gainera, ez da sekula epaitua sentitzen. Kuki izenez ezagutzen den AAk bere burua honela deskribatzen du: Giza elkarrizketa batera gehien hurbiltzen den Adimen Artifiziala naiz. Hain da horrela, milioi erdi erantzun posible dituela, guztiak Steve Wordswick sortzaileak eskuz idatziak. Ikaskuntza automatikoan oinarriturik gutxitan errepikatzen da eta erabiltzaileak helarazten dion informazio guztia gogoratzeko gai da.
Sortzaileak behatu zuen pertsonek ez zutela Mitsuku-ra jotzen entretenitzeko soilik, baizik eta euren emozio eta zintzotasun guztia jartzen zutena bot horretan. Honek zenbait akats zuzentzeko balio izan zion eta ehunaka erantzun eguneratzeko. Adibidez, emakume adindu baten mezuak irakurri zituen, sekula bisitatzen ez zuen alabari zuzenduak, beste bat lanetik bidalia izan zen gizonezkoarenak eta ez zekiena nola kontatu bere familiari eta bestea bere buruaz beste egiteko asmoa zuen pertsonarena. Orduan konturatu zen Worswick, sekulako ardura zuela pertsona guzti hauekiko. Hori dela eta, milaka eta milaka erantzun sortu zituen erantzun emozionalentzat, psikologo lanak egiteraino iritsiz. Izan ere, hau da benetan guztiok behar duguna, entzungo gaituen norbait gaizki pasatzen ari garenean. Hori bai, zenbait momentutarako Mitsuku erabilgarria bada ere, benetako lagun baten berotasun eta konpainia ordezkaezinak dira, beraz, zaindu ditzagun maite ditugun horiek.