Eulalia Abaituaren argazkiekin osatutako erakusketa zabaldu dute Gasteizen
Gasteizko Montehermoso kulturuneak Estereoskopiak: 16 + 16 erakusketa hartuko du apirilaren 24ra bitartean, eraikineko lehen solairuan. Bilboko Euskal Museoak zaintzan dituen Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853-1943) argazkilari aitzindariaren irudi-bildumatxoa ikus daiteke bertan. Erakusketak iragan bisuala eta ahozko oraina uztartzen ditu, Abaituaren irudiekin eta euskal emakumezko idazleen ahotsekin.
Alde batetik, formatu estereoskopikoan egindako Abaituaren iraganeko hamasei irudi daude. Anaglifo kopiak dira, erliebezko irudiak retro argiztaturiko pantailen barruan erreproduzitzeko teknika; irudi tridimentsional gisa ikusteko, bi koloreko kristalak dituzten betaurrekoak behar dira, bata urdina eta bestea gorria.

Bestetik, ahozko edukia dago, Abaituaren irudiei hitzak jarri baitizkiete audio formatuan, audiogiden bidez entzuteko. Mezu horiek euskarazko gaur egungo hamasei idazlerenak dira: Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Karmele Jaio, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia.

Argazkilaritzan aitzindari
Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853-1943) lehen euskal emakume argazkilaritzat jotzen da. 1870. urte inguruan, familia Liverpoolera joan zen bizitzera, eta, argazkigintzan hasi zen, bai materialak bai teknika lantzen. Material gisa beirazko plaka estereoskopikoak (positiboak eta negatiboak) eta gelatina-bromuroaren emultsioa erabiltzen zituen, Liverpoolen garai hartan fabrikatzen hasiak.
1878an Bilbora itzuli zen senar eta seme-alabekin, eta Begoñako Pinuaren jauregian finkatu zen. Eraikinaren sotoan argazki-laborategia jarri zuen, eta ordu ugari eman zituen bertan kamerarekin ateratako irudiak errebelatu, ikusi eta artxibatzen. Abaituak XX. mende hasierako landa eta hiri-giroko gizartea islatu zuen irudietan, "begirada arretatsu eta sentikorrez". Argazkietan euskal ohitura, festa eta tradizioak ageri dira.



Emakume ugariren erretratuak egin zituen eta protagonismo eta duintasun handia eman zien: sardina-saltzaileak, arropa-garbitzaileak, esnedunak, ura garraiatzen ari ziren emakumeak, nekazariak… Erretratuak ia beti kanpoan atera zituen, argi naturalarekin.




