EuskarAbentura espedizioa uztailaren hasieran abiatuko da

EuskarAbentura espedizioa uztailaren hasieran abiatuko da 128 gaztek Mauletik Getxorako 700 kilometroko ibilbidea egingo dute hilabete osoan zehar. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eukarabentura-espedizioa-uztailaren-hasieran-abiatuko-da/@@download/image/07_AULESTI-1.jpg
2022/06/07

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

128 gaztek Mauletik Getxorako 700 kilometroko ibilbidea egingo dute hilabete osoan zehar.
EuskarAbentura espedizioa uztailaren hasieran abiatuko da

EuskarAbentura 2022 espedizioa uztailaren 1etik 31ra bitarte izango da martxan. Orain arteko espediziorik jendetsuena izango dela iragarri dute, Euskal Herriko 128 gaztek zeharkatuko baitute oinez euskararen lurraldea. 16-17 urte bitarteko 128 gazte horiek euskal geografia, kultura eta historiaren inguruko ezagutza zabalduko dute espedizioan. 

Pandemiak eragindako oztopoak bazterturik, aurtengo espedizioak jatorrizko izaera nomada berreskuratuko du. 700 kilometrotik gora egingo dituzte 31 etapatan, Mauletik Getxora, zazpi euskal lurraldeak zeharkatzen dituzten hiru Donejakue bideetan barrena.  Zazpi hiriburuetatik eta 35 herri baino gehiagotatik igaroko dira. Aurreko ibilaldietan ez bezala, geldialdiak egingo dituzte honako toki hauetan: Duzunaritzen (Zuberoa); Amaiur, Lesaka eta Zugarramurdin (Nafarroa Garaia); eta Kortezubi eta Sukarrietan (Bizkaia). 

Gainera, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak ere bisitatuko dituzte, baita Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren beste asko ere: Orreagako Kolegiata, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak Errioxan (euskaraz idatziriko lehendabiziko glosak), Añanako Gesaltzak, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria; Ekain, Zugarramurdi nahiz Santimamiñeko leizeak; Euskal Kostaldeko Geoparkea; eta Gernikako Juntetxea eta Bizkaia zubia, besteak beste.

Parte hartuko duten gazteak Euskal Herriko hainbat txokotakoak izango dira: Zalduondo, Uharte, Muskiz, Uztaritz, Tafalla, Irun, Gasteiz, Arbizu, Zeanuri, Donibane Lohitzune, Bilbo, Erriberri, Zumeltzu, Zarautz... "Euskal Herriko lau ertzetatik etorritako espediziokideak batuko dira eta, zentzu horretan, Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko anitzen lagin adierazgarria izango dira", azaldu dute antolatzaileek.

EuskarAbenturazaleek, jzioquitarrek, aldean eramango dute hilabeteko espediziorako behar duten guztia, eta frontoietan, kiroldegietan, eta eskoletako aretoetan hartuko dute aterpe. 128 jzioquitarrek elastiko laranja izango dute soinean, eta eurekin batera izango da 30 helduk osatutako Familia Urdina ere. Koordinatzaileak, begiraleak, sendagileak, erizainak, gidariak, logistika arduradunak, kameralariak eta kazetariak dira elastiko urdina jantziko dutenak.