Etxetresna elektrikoak konpontzeko eskubidea onartu du Europako Parlamentuak

Etxetresna elektrikoak konpontzeko eskubidea onartu du Europako Parlamentuak Zaharkitze programatuaren aurkako legea onartu dute, etxeko gailuen bizia luzatu eta ingurugiroa babesteko helburuarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etxetresna-elektrikoak-konpontzeko-eskubidea-onartu-du-europako-parlamentuak/@@download/image/obsolescencia-programada.jpg
2021/03/03
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Zaharkitze programatuaren aurkako legea onartu dute, etxeko gailuen bizia luzatu eta ingurugiroa babesteko helburuarekin.
Etxetresna elektrikoak konpontzeko eskubidea onartu du Europako Parlamentuak

Geroz eta zailagoa eta nekezagoa da hozkailu ala garbigailu baten matxura konpontzea; askotan pieza berriak eskuratzea gailu berria erostea baino garestiagoa eta mantsoagoa da. Hau ez da kasualitatea; ekoizleek nahita diseinatzen dituzte gailuak horrela, gehiago saltzeko. Hala, gure aiton-amonen hozkailuak 40 urte iraun zitzakeen matxurarik gabe, eta guk eskuratutakoak arazoak emango dizkigu erosi eta lehen urteetan. 

Praktika honen aurka egiteko, Europako Batasunak zaharkitze programatuaren aurkako legea onartu zuen iazko azaroan, eta hilabete honetan indarrean sartuko da lege berria; hala, hemendik aurrera gailuen ekoizleek erraztasunak eman beharko dituzte matxurak erreparatzeko, eta baita gailuaren inguruko informazioa eta erreparazioak egiteko argibideak ere. Legearen helburua etxeko gailuen bizia luzatu eta ingurugiroa babestea da, izan ere, ekologikoki sekulako triskantza suposatzen du jendeak 5 urtero etxetresna elektriko berriak erostea.

Legeak beraz etxeko gailuak konpontzeko eskubidea bermatzen du, nahiz eta praktikan legea betetzea ez dirudien oso erraza izango denik; antza denez, lege berri honekin ekoizleek etxetresnen bizia zehaztu beharko dute, 10 urteko gutxieneko funtzionaltasuna bermatuz. Europako herritar bakoitzak urtero bataz-beste 16 kilo hondakin elektriko sortzen dituela kontuan hartuta, ez da neurri makala.