Etxerik gabeko pertsonentzat jatetxe begano bat ireki du Jaden Smith-ek

Etxerik gabeko pertsonentzat jatetxe begano bat ireki du Jaden Smith-ek Will Smith-en semeak modu begano batean elikatzeko aukera eskaini nahi die etxe gabeko pertsonei proiektu honekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etxerik-gabeko-pertsonentzat-jatetxe-begano-bat-ireki-du-jaden-smith-ek/@@download/image/rs_600x600-180507175325-600-2018-MET-gala-jaden-smith.jpg
2021/05/20

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Will Smith-en semeak modu begano batean elikatzeko aukera eskaini nahi die etxe gabeko pertsonei proiektu honekin.
Etxerik gabeko pertsonentzat jatetxe begano bat ireki du Jaden Smith-ek

Asko dira, euren lanbidetik hara euren alderdi aktibistena garatzen duten famatuak. Horien artean daude Emma Watson edo Millie Bobby Brown, batzuk nabarmentzeagatik. Jaden Smith, Will Smith eta Jada Pinckett-en semea ere horretan dabil gure planetan dauden injustiziak eta ezberdintasunak orekatu nahian. Oraintsu bere hurrengo proiektu berria izango dena iragarri du: etxe gabeentzat doako jatetxe begano bat ireki nahi du. 

Jaden Smith-ek egun 22 urte ditu, baina beti izan du oso nortasun markatua, ideia propio ugarirekin. Musika munduan sartzea erabaki zuenean bere modura egin zuen, bere aitaren ibilbidearekin zerikusirik ez zuten estilo eta soinuak nahastuz. 

Bere itxurari dagokionez ere, Jaden Smith-ek, bere arreba Willow bezala, irizpide propioak jarraitu ditu, modu deigarrian jantzi eta orraztuz, Hollywood-eko moda kanonei kasu zipitzik egin gabe. Gazteak artistatzat du bere burua eta hori dela eta bere sormena aske uzten du besteen iritziari jaramonik egin gabe. 

Hori horrela, azken urteetan Jaden Smith-ek izan duen itxura aldaketa nabarmentzekoa da, pisu asko galdu baitu, bere zaleak kezkatzeraino iritsiz. Pisu galera, denbora batez jarraitu duen dieta begano zorrotza dela eta izan da. Hain izan zen zorrotza horretan, bere osasuna arriskuan jartzeraino ere iritsi zela.

Hala ere, gazteak animaliak ez jatearen aldeko apustuarekin jarraitzen du eta horrela islatzen du bere proiektu berrian. Etxerik gabeko pertsonek doan jan dezaten jatetxe begano bat irekitzeko lenean dabilela iragarri dio berriki Variety aldizkariari: "Etxerik ez duten pertsonek doan jatea da helburua. Hori bai, etxea baldin baduzu ordaindu egin beharko duzu, eta ez jaten duzuna bakarrik, baita zure atzetik datorrenaren janaria ere", zehaztu du gazteak, bere jatetxearen funtzionamendua azalduz. 

Proiektu hau I love you (Maite zaitut) deitutako food truck-aren arrakastaren ondoren dator. 2019an jarri zuen martxan janari osasuntsu eta beganoa merezi duen jendeari doan emateko. Proposamen hark Los Angeles hiriko Skid Row gunean eta New York-eko Harlem-en miliaka pertsona elikatu zituen.