Etxeratze aginduak eraso sexualak jasan ditzaketen emakumeentzat estigma berri bat izan litezke

Etxeratze aginduak eraso sexualak jasan ditzaketen emakumeentzat estigma berri bat izan litezke Adituek ohartarazten dute araua hautsi duela sentitzen duen emakumea lotsa eta erruak jota erasoa ez salatzea erabaki dezakeela. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etxeratze-aginduak-eraso-sexualak-jasan-ditzaketen-emakumeentzat-estigma-berri-bat-izan-litezke/@@download/image/violenciamujer_aton.jpg
2020/11/02

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Adituek ohartarazten dute araua hautsi duela sentitzen duen emakumea lotsa eta erruak jota erasoa ez salatzea erabaki dezakeela.
Etxeratze aginduak eraso sexualak jasan ditzaketen emakumeentzat estigma berri bat izan litezke

Zer egiten zenuen ordu horietan kalean? edota berak nahi zuelako igo zen bestearen etxera bezalako espresioak ezagunak zaizkigu, batez ere emakumeoi. Ez hanka ez bururik ez dutenak iruditzen zaizkigu, baina horrelakoek erasoa jasandako emakume askori erru eta lotsa sentimendua areagotzen die. Orain etxeratze aginduak eraso sexualak jasan ditzaketen emakumeen aurkako estigma berri bat izateko arriskua dute, adituen ustez. Honela zer egiten zenuen kalean bakarrik esalditik zergatik zeuden kalean ordu horietan jakinda zer dagoen esaldiak entzutera pasa gaitezke. 

Bizitza espazio pribatuetan gehiago egiten den garai hauetan, indarkeria murriztu bada ere kaleetan, bakardadea areagotu du. Ordutegietan mugak egoteak emakumeengan presioa eragin dezake lehen zita batean, ez sentituz erabat libre dauden lekua uzteko ordu jakin batetik aurrera. Adituek arriskua ikusten dute hasiera batean bien aldetik onartuak ziren, baina azkenean eraso sexualetan amaitzen diren lehen zitetan. Izan ere, eraso sexual gehienak emakumeak ezagutzen dituen gizonek burutu ohi dituzte. 

Horrelako egoeretan zilegi da kalera ateratzea nahiz eta etxeratze aginduko orduetatik kanpo ibili. Hala ere, emakume askok dudak edo beldurra izan ditzakete eta horregatik bere erasotzailearekin geratu. Hori dela eta, adituen ustez ezinbestekoa da mezu publiko argi bat igortzea sentsibilizazio kanpainen bidez, azpimarratuz zein diren emakumeen askatasunak. Izan ere, adituek argi diote zitetan erasoak ohikoak direla eta testuinguru honek espazio pribatuetan gehiago gertatzea ahalbidetzen du, emakumeak iheskbiderik ez duela sentituz. 

Horregatik mezuak argia izan behar du, izan ere, gizonezko batzuk senti dezakete errazagoa izango zaiela testuinguru honetan emakumea kontrolatzea, eta bestalde, emakumeak erruduntasun sentimendutik askatu behar dira, ez daitezen epaituak sentitu, eta argi utziz kalera atera daitezkeela arriskuan sentitzen badira. 

Adituek diote deskonfinamenduan efektu hau nabaritu zutela. Emakume askok araua hausten ari zirela sentitzean errudunago sentitzen ziren eta lotsa ematen zien erasoa salatzea. Izan ere, eraso sexual bat salatzea berez konplikatua bada, egoera hauetan are eta gehiago, biktima estigmatizatzeko aukera gehiago baitaude.