Etxeko txikiekin ikusteko telesailak

‘Trollhunters’
Non ikusi? Netflix.
Txikiekin ikusteko animaziozko telesail aparta. Guillermo del Toro zinema zuzendari ezagunak sortua eta DreamWorks Animation-ek ekoiztua, 15 urteko Jim Lake Jr-en istorioa du ardatz, eskolara bidean amuleto mistiko batekin topo egiten duen gaztea. Objektu bitxi horri esker, bizi den herrixkaren azpian ezkutaturik, Troll-zibilizazio bat aurkituko du.
Abenturazko generoak eskaintzen dituen erremintak erabiliz eta animazioa helduleku gisa, telesail epiko bat ikusteko aukera izango duzu, entretenigarria eta fantastikoa. Haurrentzako zinema barruan kokatuko nukeen arren, etxeko nagusiekin batera ikustea gomendatzen dut, haurtzarora bidaiatzeko aukera izango baituzu. Narrazioa umeak harrapatzeko bezain sinplea den arren, atal konkretu batzuetan zirrara eta tentsio maila nabarmena topatuko duzue, zuek ere beraiekin batera harrapaturik geratzeko modukoa. Trama nagusia apurka garatzen joango dela ikusiko duzue, gidoi trinko bat osatu arte, baina garrantzitsuena, haurrek behar duten irisgarritasun hori inongo momentutan galdu gabe. Del Toro-ren eskua nabaria da ia minutu oro eta hori hainbat alorretan antzemango duzue: pertsonaia motak, gaizkileen konplexutasuna, beharrezko umore dosia edota genero fantastikoarekiko erakusten duen maitasuna.
'DRAGOI BOLA' eta 'Dragon Ball Z: Fukkatsu no F'
Non ikusi? Filmin (euskaraz ikusteko aukera) eta EITB Nahieran (telesaila)
EITB Nahieran zerbitzuan Dragoi Bola telesail ahaztezina topatuko duzu, euskaraz noski. Bestalde, Dragoi Bola z: Battle of Gods-en arrakastaren ostean, Son Goku, Vegeta, Satan eta konpainia berriro itzuli dira dira, Freezer etsai mitikoarekin liskar berri bat izateko. Oraingo honetan, Akira Toriyamak berak sinatu du gidoia, eta, horrela, sagaren sustraietara itzuli den proposamena iruditu zait.
'Il était une fois... la Vie'
Non ikusi? Netflix.
80ko hamarkadako ekoizpen mitiko hau ere Netflix plataforman to`patu dezakezue. Bokazio didaktikoa duen animazioko telesaila. Bertan, modu sinple eta atseginean, giza anatomiari, gaixotasunei edota, adibidez, odola nola oxigenatzen den eta zauri batek nola orbaintzen duen azaltzen da.
'The InBESTigators'
Non ikusi? Netflix.
Robyn Butlerrek eta Wayne Hopek sortutako telesail australiar honek lau umeren istorioa kontatzen du, euren eskolan eta auzoan gertatzen diren krimenak konpontzeko ikerketa agentzia propioa irekitzen dutenak. Maudie, hamar urteko neskatila eta kontakizunaren protagonista, Ezra, Ava eta Kyle ikaskideekin detektibe agentzia bat osatzea erabakitzen dute, krimenik argitu gabe geratu ez dadin. Abenturazko telesail atsegina, asmakizunez betea, eta umore dosi txikiez zipriztindua.
'Avatar: The Last Airbender'
Non ikusi? Netflix.
Annie sari ugariren irabazlea (telebistarako haurrentzako ekoizpen animatu onena eta zuzendaritza onena barne) den telesail hau, lau naziotan banatutako mundu batean garatzen da, non talentu berezia eta maisu edota Avatar handi bat bizi diren, lau elementuen arteko oreka kontrolatu eta mantentzeko gai direnak.
'A Series of Unfortunate Events'
Non ikusi? Netflix.
Telesail honek Baudelaire anaia umezurtzen istorioa kontatzen du, euren tutore gaiztoa den Olaf kondearen etengabeko mehatxupean bizi direnak. Netflixen ekoizpen honek Neil Patrick Harris du protagonista, eta oso ondo landutako girotzeaz gain, efektu bereziak ere baditu, haurrek protagonisten gorabeherak lehen pertsonan senti ditzaten.
'Masha i Medved'
Non ikusi? HBO eta Netflix
Ekoizpen errusiarra. Animaziozko telesail honek Masha aurkezten digu, hartz batek zaintzen duen neskatxa bat. Jatorriz YouTube-en eman zuten ekoizpena. Teknikoki agian ez da munduko gauzarik ikusgarri eta txukunena, baina marrazki bizidun arrakastatsuenetako bat izan da azkenaldian. Masha basoan bizi da mota guztietako animaliekin eta etengabe arazoetan sartzen da. Hori saihesteko, hartzak haurra zaintzen du, nahiz eta berak egiten dituen bihurrikerien biktima bihurtzen den beti. Masha eta hartzak bi protagonisten gurasoen eta seme-alaben arteko harremana erakusten digu, baina moralez beteriko telesaila ere bada.
'The Amazing World of Gumball'
Non ikusi? HBO
Koloreak, fantasia eta izaki imajinaezinak; horiek dira telesail honen osagarri nagusiak. Agian helduei ere gustatuko zaizuen haurrentzako telesaila da. Marrazki bizidunak eta bizitza erreala uztartzen dituen ekoizpen honek, Gumball (katua) eta Darwin (arraina) aurkezten dizkigu, baina itxuraz umeak direnak. Protagonista eskolara joaten den heinean bere eguneroko bizitza ikusteko aukera izango dugu, beti ere freskotasun ukitu batekin eta umore adimentsu eta originalez beteriko uneekin. Etengabe topatuko dituzu pop kulturari buruzko erreferentziak edota helduagoak garenok entretenitzeko erreferentzia historiko eta zientifikoak. Baina batez ere, telesail oso 'eroa' eta dibertigarria dela esango nuke, inoiz ez baitakizu zer gertatuko den.
'Raising Dion'
Non ikusi? Netflix
Bere botereak kontrolatzeko borrokan ari den ume bati buruzko kontakizuna. Sekretuek, misterioek eta konspirazioek gainezka egiten duten telesaila. Entretenigarria eta distantziak salbu Spielberg zuzendariaren ukituak dituen ekoizpen arina.
'Les Aventures de Tintin'
Non ikusi? Netflix
Aurkezpenik behar ez duen beste telesail mitiko/ahaztezina. Hergé kazetari eta idazle belgikarrak sortutako komikietan oinarritzen den ekoizpena eta Tintin kazetariaren abenturak kontatzen dituena.
'ZombieLars'
Non ikusi? EITB Nahieran (Euskaraz)
EITB-ren nahieran zerbitzuan euskaraz topatuko duzun telesail norvegiarra. Lars Bekkebakken izeneko Norvegiako herri txiki batera joango da bizitzera bere amarekin, eta han konturatuko da bera bezalako pertsona bereziak ez dituztela espero bezain ongi hartzen. Haur arrunta dirudien arren, Lars erdi zonbia da, aitarengandik jasotako geneen ondorioz. Berezia izateagatik baztertzen duen gizarte batean bere tokia topatzen saiatuko da. Ezaugarri bereziak dituzten beste haur batzuk ezagutuko ditu laster.