Etxeko lanak banatzeko app bat sortu dute
Elkar asko maitatuta ere, izan lagun moduan edo bikote bezala, bizikidetza ez da erraza, batez ere etxeko lanak ez badira berdintasunez banatzen. Oraindik gure artean dagoen genero ezberdintasunagatik emakumezkoek etxeko zereginei denbora gehiago eskaintzen diete. Horrek, harreman afektiboa narriatu lezake. Arazo honi irtenbidea emateko, Espainiar Estatuko idazkaria den Angela Rodriguezek etxearen zaintza modu justuagoan banatzeko app-a garatzen ari direla iragarri du.
Aplikazio berria dirua banatzeko erabiltzen diren Splitwise edo Tricount-en antzekoa izango da. App hauei esker modu errazean zenbatu litezke gastuak eta beharrezkoak ez diren liskarrak ekidin. Kasu honetan, garatzen ari diren aplikazioak astero eta hilabetero estatistikak eskainiko ditu etxeko kideek zereginetan zenbat denbora igaro duten ikus dezaten.
Izan ere, ahalegina ez da zeregin kopuruaren arabera zenbatuko. Azken finean, sukaldea garbitzen 20 minutu igaro ditzakezu, baina horren aurretik norbait arduratu da erosketa egiteaz. Bi orduz bainugela garbitzen egon bazara, begi-bistakoa da gehiago baloratu behar dela garbigailua jartzen igarotako minutuak baino. Zentzu honetan, aplikazio honek etxeko zereginetan justizia bilatzea du helburu eta etxearen zaintzan berdintasuna nagusitzea.
Hau guztia gehiegizkoa dela iruditzen zaizu? OCDEk berriki argitaratutako txostenaren arabera, Espainiar Estatuko emakumeek ordu bikoitza bideratzen dute etxeko zereginetara gizonezkoekin alderatuta, bost ordu eta bi ordu, hurrenez hurren. Ez die bakarrik bikotearekin bizi diren emakumeei eragiten, baita lagunen arteko bizikidetzan daudenei ere. Tristea da teknologia behar izatea honetarako, baina etika nagusitzen ez den bitartean honelako egitasmoak beharrezkoak dira.

