Etxeko animaliak babesteko euskal legea martxan da

EAEko etxeko animalien babesa handitzen duen legea indarrean da pasa den ostegunetik. Arau berriak babes handiagoa emango die etxe-animalia batzuei, baita zaldiei, ahuntzei eta ardiei. Eutanasiaren aukera ere barne hartzen du lege berriak, gaixotasun edo gaitz sendezin ala mingarri bat duten animaliei aplikatu ahalko zaiena.
Legebiltzarrak ekainaren 30ean legea onartu ostean, pasa den ostegunean sartu zen indarrean. Arau berriak 100 eta 100.000 euro arteko isunak aurreikusten ditu animaliei tratu txarrak eman edo horien ongizatearen aurkako jarrerak zigortzeko. Salbuespenak baditu, ordea. Ez dira kontuan hartuko zezen-ikuskizunekin, ehizarekin, arrantzarekin eta hiri-izurrien aurkako borrokarekin zerikusia duten kasuak, horiek araudi zehatzen bidez erregulatzen baitira.
Hauek dira zigortuko diren jarrerak:
- Edozein motatako armekin animaliei eraso ala tiro egitea.
- Animalien inguruan material piroteknikoa botatzea edota arantzadadun lepokoa jartzea. Desarga elektrikoak dituzten lepokoak edo itotzekoak erabiltzea ere zigortuko da, profesionalen kasuan izan ezik.
- Buztana edo belarriak moztea edo azazkala zein hortzak kentzea.
- Ikuskizunetan parte hartzen duten animaliak dopatzea edo botikak albaitariaren agindurik gabe ematea.
- Animaliak tindatzea.
- Animaliak abandonatzea edo beren bizitza arriskuan jar dezaketen egoeretan edukitzea.
- 24 orduz jarraian bakarrik uztea. Txakurren kasuan, epe hori 12 ordukoa izango da gehienez, artzaintzan salbu.
- Harrera zentroetan dauden animaliak sakrifikatzea, animalien osasunak ingurumenean edo ondare artistiko eta arkitektonikoan eraginik ez badu bederen, betiere metodo "ez krudelak eta sufrimendurik gabeak erabiliz”.