Etxebizitza bat zure bizilagunekin astean bi ordu partekatzeagatik
Bakardadea adineko pertsonekin lotu ohi dugu gehienetan: euren etxeetan isolatuta bizi diren edadetuak edo adinekoen egoitzetan ia bisitarik jaso gabe bizi direnak. Alabaina, Suedian irudi hau aldatzen ari da eta geroz eta gazte gehiagol pairatzen dute bakardadea.
Datuen arabera suediarrak, Europako beste herrialdeekin alderatuta, modu independente eta indibidualistagoan bizi dira. Bertan etxetik alde egiteko adina 18-19 urtetan dago kokatua eta gehienak bakarrik bizitzen hasten dira, ez ikasle etxe edo partekatutako pisu batean.
Modu berean, zerbitzu sozialei eta laguntza ugariei esker, adineko pertsonek ere euren etxeetan bakarrik bizitzea hautatzen dute, adinekoen egoitzetara edo familiaren etxera joan beharrean.
2020an Suediar Estatistika Erakundeak burututako galdetegi batena arabera 16-29 urte bitarteko gazteak izan ziren pandemian bakardade sentimendua gehien pairatu zuten bigarren taldea, jubilatuen atzetik. Sare sozialak izangatik, ikerketek erakusten dute suediar gazteen artean 10etik 8 maiz bakarrik sentitzen direla.
Osasun erakundeen arabera, isolamendu sozialak eta hautemandako bakardadeak osasun fisikoa narriatu lezake eta estres kronikoa, depresioa, min fisikoak zein bestelako patologiak garatzeko aukerak areagotu. Gainera, etxebizitzen erdiak baino gehiago pertsona bakarrez osatuak dauden herrialdean, bakarrik bizitzeak ez dakar soilik osasun fisiko eta mentalarentzat arriskua, baizik eta hirietako etxebizitzak eskuratzeko arazoak ere sortzen ditu. 
Bakardadeari aurre egiteko eta bizilagunen arteko kohesio soziala eta elkarrekintzak bultzatzeko Helsingborg hiriak, 2019aren amaieran, bizikidetza esperimentua jarri zuen martxan. Etxebizitza proiektu hau Sällbo deitzen da eta bi hitzen elkarketa batetik sortua izan da: adiskidetasun (sällskap) eta bizi (bo). Egitasmoaren izenak ederki laburbiltzen ditu honen helburuak. Udal erakundeak 51 etxebizitza eskaintzen ditu 400-500 eurorengatik 70 urtetik gorakoei eta 18-25 urte bitartekoei. Baldintza bakarra bete behar dute: gutxienez astean bi ordu igarotzea euren bizilagunekin. Esperimentua arrakastatsua izan da eta alokairu kontratuak amaigabeak izatera igaro dira.
Kanpotik, ohiko etxebizitzak dirudite, barrutik, ordea, bizilagunek elkarrekin denbora pasatzeko hainbat gune ditu: gimnasioa, liburutegia, jolas-gela eta partekatutako sukaldea. Pisu bakoitza erabat independentea da, bakoitzak bere sukaldea eta gelak ditu, baina soziabilitatea sustatzeko pentsatua dago. Gainera, bizilagunen artean jarduerak, lantegiak eta txangoak antolatzen dira.
Proiektua martxan jarri zenean, berehala 300 eskaera iritsi ziren. Elkarrizketak burutu ziren komunitate heterogeneoa (adin, jatorri, balore, lanbide ezberdinetakoak) bat lortzeko helburuarekin. Esperimentuak izandako emaitzak onek jakin-nahia piztu dute Suediako beste hiri eta herrietan. Ikusi beharko da herrialde osora zabaltzen ote den ideia.

