Etxea berde-berde

Etxea berde-berde https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etxea-berdeberde/@@download/image/2009645674etxea_1362694064.jpg
2009/06/05
erreportajea
Etxea berde-berde
Etxetresna elektrikoak egoki erabiltzea funtsezkoa da bai ingurumenarentzat bai gure poltsikoentzat. Zentzuzko erabilerak ez digu hipoteka larregi arinduko, baina natura gutxiago hipotekatuko dugu. Hona zenbait aholku.

Berogailua neurriz
Zenbait ikerketen arabera, berogailua gehiegi erabiltzeak 500 euroko gastua eragin dezake, batez beste, lau bizilaguneko etxebizitza batean. Berogailua gehien kutsatzen duen gailuetako bat da, autoarekin batera. Etxeko tenperatura neguan 19-21 gradu artean mantentzea eta gauez berogailuak itzaltzea komeni da.

Argia zentzuz

Betiko bonbillek argia baino beroa igortzen dute: %80 beroa da eta %20 argia. Azken urteotan, kontsumo txikiko bonbillak merkaturatu dituzte, eta %80 argia da eta %20 beroa. Gaur egun bonbilla hauek asko merkatu dira eta alternatiba egokia dira. Hori bai, argia luzaroan piztuta dagoen tokietan jartzea komeni da, etengabe piztu eta itzali ibiltzeak bonbillen iraupena murrizten baitu.

Eta garbigailua?

Garbigailuek energia bera xahutzen dute erdi hutsik edo zeharo beteta erabilita. Hortaz, ondo bete arte itxarotea komeni da. Poltsikoak ere eskertuko digu, besteak beste, urtearen buruan xaboi gutxiago beharko baitugu. Bestalde, A motako garbigailuak erostea komeni da, garestiagoak izan arren, epe luzean aukera merkeena direlako. A motako garbigailuek besteek baino %70 ur eta %40 energia gutxiago behar dute garbialdiko.

Ontzi-garbigailuaren kontzientzia

Askok kontrakoa uste arren, ontzi-garbigailuak etxetresna ekologikoenetakoak dira. Datuak harrigarriak dira: badakizu eskuz garbitzean erabilitakoa baino sei aldiz ur gutxiago behar duela horrelako gailu batek? Badakizu ontzi-garbigailu batek 15 litro ur erabiltzerako gizakiok 118 xahutu ditzakegula? Sinestezina, ezta?

Hozkailua sutan

Gure ohitura txarren ondorioz, hozkailuek etxeko energia kontsumoaren %20 irensten dute, batez beste. Zenbat aldiz irekitzen dugu atea eta zenbatetan mantentzen dugu zabalik, zer aterako dugun pentsatu bitartean? Horrek kontsumoa handitzea dakar. Atea ireki aurretik, zer nahi dugun erabakitzea komeni da. Beste aholku bat: utzi 5 bat zentimetroko tartea hozkailua eta paretaren artean: energia %15 gutxiago xahutuko du.

Standby lapurra

Gero eta alferragoak gara. Erosotasunaren izenean beharrak sortu eta sortu gabiltza: standby malapartatua, adibidez. Telebista ikusten ari garela liburu bat irakurri nahi badugu, adibidez, sofatik altxa eta telebista itzali beharrean, urrutiko-aginteko standby botoia sakatzen dugu. Standby horrek etxean energia gehiago gastatzea dakar, %5-10 gehiago.