Etxe-animaliak, antitxerto mugimenduen kaltetu berriak

Txertoen aurkako mugimenduak geroz eta indartsuagoak dira, eta ondorioz, hainbat herrialdetan protokoloak jarri dituzte martxan, dagoeneko akabatutzat eman diren gaixotasun epidemikoen buelta ekiditeko. Hala, azken aldian sarritan entzun ditugu elgorri kasuak haurretan. Baina haiek ez dira mugimendu honen ondorio arrikutsuak pairatzen bakarrak; antitxertoek etxeko animaliak ere arriskuan jarri dituzte.
Hala, hainbat herrialdetan txertoen libreta erakustea beharrezkoa da eskolara edota unibertsitatera joateko, eta txertoen inguruko kanpaina zabalak egiten hasi dira. Baina antitxertoen mugimenduak aurrera egin du, eta txertorik gabeko maskotak geroz eta ugariagoak dira.
AEBak, Erresuma Batua eta Australia dira kasu gehien dituzten herrialdeak; hain zuzen, Erresuma Batuko People´s Dispensary for Sick Animals fundazioak egindako ikerketaren arabera, txakurren jabeen %25 ez die txertorik ipini bere animaliei. Beste modu batera esanda, herrialdean edozein gaixotasun hartzeko arriskua dute 2,2 milioi txakurrek; ondorioz, animaliak eta baita pertsonak arriskuan jar ditzaketen gaixotasun epidemikoak berpizteko aukerak biderkatu dira.


Harrigarriena hauxe da; txertorik ez ipintzeko arrazoi nagusietako bat autismoa garatzeko beldurra da. Beldur honek, baina ez du inolako oinarri zientifikorik, ez baita txertoen eta aurismoaren arteko inolako loturarik egiaztatu sekula. Animalien kasuan, oraindik zentzugabeagoa da beldu hau, mundu osoan ez baita ezagutu autismodun txakur bakar bat. Ez da antitxertoek duten beldur bakarra; haien ustetan, txertoek minbizia, artritisa edota alergiak eragiten dituzte (inolako oinarri zientifikorik gabe).
GIZARTE OSOARENTZAT ARRISKUA
Eta zergatik da horren garrantzitsua etxeko animaliei dagokien txertoak ipintzea? Txertoen protokolo bateratuari esker, Europan amorruaren gaixotasuna guztiz desagertzea lortu da, munduan oraindik 60.000 kasu ematen dira urtean, batez ere txakur baten hozkada jaso duten haurren artean, beren sistema inmunologikoa ez dagoelako guztiz garatua. Beraz, txertoak ipintziari uzteak gaixotasun horien berpiztea eragin dezake, gizarte osoaren osasuna arriskuan ipiniz.