Etsaiak: “Indarra dagoen bitartean

Etsaiak: “Indarra dagoen bitartean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etsaiak-indarra-dagoen-bitartean/@@download/image/86p68etsaiak2.jpg
2008/06/06
elkarrizketa
Testua: B. Malone. Argazkiak: Aitor Rodriguez
80ko hamarkadan sortu ziren, Euskal Herrian punka eta hardcorea unerik onenean zeudenean. Garai hartako talde askok aspaldi utzi zuten errepidea, eta beste askok estilo berriekin experimentatu nahiago izan dute. Ez da Etsaiak-en kasua: Lekeitiokoek duela hogei urteko espiritu eta estiloarekin jarraitzen dute. Apurtu arte disko berria besapean, uda bero datorkie.   

Duela hogei urteko indar bera transmititzen duten hamalau kanta bildu ditu Etsaiak taldeak Apurtu arte izeneko disko berrian (Baga-Biga Musika Ideiak). Lekeitioko taldea burubelarri eta ilusioz beteta ari da etapa berri honetako aurkezpen kontzertuekin. Auo kantariak esan digunez, makina bat emanaldi dituzte hitz emanda aurtengo udarako.  

Jendea harritu egin da berriro elkartu zaretelako. Etsaiak ez zegoen bananduta?

Guk ez genuen Etsaiak betirako uzteko asmorik, baina badakizu zer gertatzen den: zurrumurrua beti nagusi. Urte hauetan beste proiektu batzuetan ibili gara: Pin Pan Pun Band, Nök, Txapelpunk… Eta bitarte horretan, Etsaiak aparte samar izan dugu. Hala ere, garbi genuen berriro elkartuko ginela.

Hala ere, Etsaiak ez duzue sekula erabat utzi. Duela bi urte Gazte Topagunean aritu zineten, iaz Donostiako piratek antolatutako kontzertuan…

Bai, salbuespen bereziak izan dira, eta gainera, ondo etorri zaizkigu gure soinua ez galtzeko. Hala ere, laupabost urte baziren Etsaiak-ekin serio aritu gabe. Duela urtebete kanta berriak prestatzen eta astero entsegatzen hasi ginen. Ez da erraza izan: bat Leitzan bizi da, bestea Gasteizen… Baina saiatzen gara astero Lekeitioko lokalean elkartzen.

Taldearen eguneroko martxara eta eszenarioetara itzuli zarete, beraz. Nolako itzulera izan da?
 
Inoiz baino hobea. Gutako inork ez du musika utzi, eta horrek asko egiten du. Bestalde, gure zazpi diskoetako kanta indartsuenak aukeratzen ditugu zuzenekoetarako, eta jendeak flipatu egiten du, gehienak oso ezagunak direlako eta disko honetako berriak ere indartsuak direlako.

Gazte askok orain ikusiko dute Etsaiak lehen aldiz…

Belaunaldi berriak flipatzen ari dira ez dutelako Etsaiak ezagutu, baina horiekin batera, beti kontzertuetara etorri diren lagunak ikusten ditugu, orain seme-alabekin etortzen direnak. Etsaiak-ek jende asko ikusi du nagusi egiten, hogei urte baino gehiago badirelako taldearekin, eta askok esaten digute: baina nola demontre jarraitzen duzue?

Beraz, noiz arte Etsaiak?

Disko berriaren izenburuak dioen bezala, apurtu arte. Indarra dagoen bitartean hemen jarraituko dugu. Guretzat izugarria izan da bat-batean hainbeste kontzertu proposamen eta dei jasotzea, eta argi dugu aprobetxatu behar dugula. Apurtu arte, beraz.

Apurtu arte disko berria zuen lehen diskoarekin konparatu dute askok. Duela hogei urteko indar hura berreskuratu nahi izan duzue?

Betiko soinu bortitzarekin jarraitzen dugu, hasieran egiten genuen harekin, gure sustraietan hardcore eta punk eragina dagoelako eta hori ez delako aldatu. Iñigito gitarra jotzailearen eragina da hori, beti punk eta hardcore estiloko abestiak egiten dituelako. Egia da jende askok disko hau gure lehen diskoarekin konparatu duela, eta hor ikusten dira sustraiak. Etsaiak-en beste disko batzuetan, beste estilo batzuk egiten hasi ginen, baina disko hau zuzena eta indartsua da, gure arima berreskuratu duelako.

Ez douz ahaztuko
diskoko azken kantarekin bukatuko dugu elkarrizketa. Nor ez duzue ahaztu nahi?

Gaur egun jada gure ondoan ez dagoen jende asko gogoratu nahi dugu, eta presoak. Gure garai bateko baxu jotzaileak egindako kanta bat da, eta pare bat zati indartsu sartu dizkiogu, RIP tankera horretakoak. Guk harreman handia genuen RIPeko jendearekin, eta beti esaten dugu oraindik ere gurekin daudela, hor sentitzen ditugula.