Etorkizuneko pilula antisorgailu maskulinoan lanean dabiltza emaitza esanguratsuekin
Guztiok, gutxiago ala gehiago, badakigu emakumezkoek hartzen dituzten pilula antisorgailuek bigarren mailako efektuak dituztela hauen gorputzetan. Sortzen dituen ondorioak ez dizkiogu inori desira, eta hori dela eta harrigarria iruditzen zaigu 2021. urte honetan oraindik efektu hauek ez dituen pilula bat asmatu ez izana; edota gizonezkoei aplikatzeko pilularen bat bederen.
Kontua da azken aukera hau errealitate bihurtzeko lanean ari direla Nantong Unibertsitateko zientzialariak. Helburua: gizonezkoen barrabilak iman batzuen bidez berotzea denbora jakin batez antzu bihurtzeko.
Quo aldizkariak jasotzen duenez, ikerketa hau Nano Letters aldizkarian argitaratu zen. Azaltzen denez nanomaterial magnetikoak barneratzen dira eskrotoan antzutasun tenporala sortzeko. Nano partikula hauek burdin oxidozkoak dira eta azido zitrikoz estaliak daude. Gune magnetiko baten bidez 58 graduko tenperatura eskuratu dezakete, hau da, nahikoa espermatozoideen ekoizpena geratzeko denbora jakin batez, osasunari kalterik eragin gabe, ezta gizonezkoen gaitasunei ere epe luzera.
Gauzatutako entseguak, oraingoz, arratoiekin egin dira. 15 minutuko tratamendu baten ostean ezinezkoa izan zitzaien arratoi kumeak sortzea. Dirudienez, euren gaitasuna berriz ere bueltatzen zen 60 egunen buruan. Alabaina, esperimentuak baikorra badirudi ere, oraindik ez dakite gizakiengan zer nolako mina eragiten duen, jakinik giza testikuluak minarekiko oso sentiberak direla. Horrenbestez, ikertzaileak arazo hau konpontzeko bidean ari badira ere, gizonezkoen antisorgailu ez inbasiboen gabezia nabarmena da eta oraindik ere, errealitate bat izateko urrun daude.
Oraingoz, emaitza antzekoak eskaini dituen esperimentu bakarra Estatu Batuetako National Institute of Health-ena izan da. Sistema endokrino maskulinoarekin esperimentatzen ari dira progestagenoz betetako gel baten bitartez. Hormona mota bat da, espermatozoideen maila murrizten duena organismoan, antzutzeraino. Alta, pilula femeninoarekin gertatzen den bezala, aldaketa hormonal honek bigarren mailako efektuak ditu gizonezkoaren organismoan: testosterona mailak izugarri jaisten dira eta honek gizonezkoen desira sexuala ezerezean uzten dute. Antzuak baina libidorik gabe. Oreka bat bilatu bada ere esperimentuan, oraingoz, etorkizun hurbil batean, gizonezkoen pilulak ezinezkoa dirudi.

