Etorkizuneko komunikazioaz hausnartzeko, 18 eta 30 urte arteko gazteez osatutako esperimentazio lantaldea osatuko du Badalabek
Etorkisuneku Komunikazioa izeneko esperimentazio lantaldea jarriko du martxan Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak, 2deo Euskarazko Ikus-Entzunezko Laborategiarekin elkarlanean. Saioak irekiak izango dira eta komunikazioan interesa duen 18-30 urte bitarteko edonork parte har dezake.
Etorkizuneko komunikazio edukiak, formatuak edota interakzio sistemak nolakoak izango diren hausnartu eta prototipoak proposatzeko helburua izango du egitasmoak. Parte-hartzaileek komunikazioaren historiari errepasoa egingo diote, oraina ulertu eta etorkizunari begira jarri ahal izateko. Irudimena lantzeko metodologia dinamikoez baliatuko dira horretarako. "Kontuan hartu behar da euskararen biziberritze prozesuan ikus-entzunezkoek duten funtsezko garrantzia eta baita aro garaikidea zeharkatzen duten ezaugarriak ere: adimen artifiziala, stream plataformak, hizkuntza teknologiak eta abar", azaldu dute.
Zortzi lan saio egingo dituzte ikasturte honetan eta bakoitzak ikus-entzunezkoekin lotutako gai bat izango du ardatz: ikus-entzunezkoen kontsumoa, adimen artifiziala eta emozioak, algoritmoa eta generoa, marketin eta storytellinga, Fake Newsen unibertsoa eta eragina, formatuen eboluzioa eta prototipoak, ikus-entzunezkoak eta hizkuntza teknologiak, eta komunikaziaren eragina aldaketa klimatikoan.
Saio guztietan etorkizunari begira jarriko dira parte-hartzaileak, eta bertaratzeko aditu eta arituak proposatu ahal izango dituzte. Ariketa horretatik eratorritako emaitzak denbora kapsula batean gordeko dira. Zortzi lan saioak egin ostean, ikus-entzunezko etorkizuneko formatuak eta interakzio prototipoak proposatu ahalko dira.
Lantaldean parte hartzeko interesa duenak hemen eman behar du izena.
