Etorkizuneko hegaldiak; ez poltsiko guztientzat

Etorkizuneko hegaldiak; ez poltsiko guztientzat Orain arte bezala bidaiatzea ezinezkoa izango da denbora tarte batean, baina nola bidaiatuko dugu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etorkizuneko-hegaldiak-ez-poltsiko-guztientzat/@@download/image/Vietnam-Airlines-In-flight-service-on-South-Korean-routes-over-coronavirus-outbreak-916x516.jpg
2020/04/30
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Orain arte bezala bidaiatzea ezinezkoa izango da denbora tarte batean, baina nola bidaiatuko dugu?
Etorkizuneko hegaldiak; ez poltsiko guztientzat

Osasun krisi honek agerian utzi du orain arteko bidaiatzeko sistema ez dela bideragarria, ez ingurugiroarentzat ezta ekonomiarentzat ere. Etxean gelditzen hasi ginenean jakin genuen bazirela hutsik bidaiatzen jarraitzen zuten hegazkinak, aireportuetan zuten lekua ez galtzeko. Zoramen hutsa. Orain, industria honek krisi gogorrari aurre egin beharko dio; Norwegian Airlines-ek porrot egin du, eta Air France edota Iberia eta Alitalia erreskatatu egin beharko dituzte herrialdeek lur-jotzea ekiditeko.

Aurten hegaldien zifrarik altuenak espero ziren pandemia iritsi aurretik; hegazkinean bidaiatzeko urterik onena izan behar zuen, hegaldi merkeenekin. Baina koronabirusak ia erabat ezabatu ditu hegazkinak zerutik, eta industriak iazkoaren erdia ere ez du irabaziko, 290.000 milioi euroren galerari aurre eginez.

NOLA BIDAIATUKO DUGU AURRERANTZEAN?

Oraingoz entzuten dena hauxe da; hegaldi garestiak eta distantzia fisikoa mantentzeko protokolo zorrotzak. Ahaztu hegazkina jendez toperaino beteta ikusteaz; une oro, metro bateko distantzia minimoa egon beharko du bidaiarien artean. Noski, horrek esan nahi du hegazkinaren heren bat hutsik geldituko dela, eta nork ordainduko ditu eserleku huts horiek? Ziur aski, bezeroek.

Litekeena da beraz low cost bidaiak desagertzea; horrekin batera esku poltsekin hegazkinera igotzea debekatuko dute, eta derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera. Hegazkin langileek bidaiarien tenperatura neurtuko dute, eta heurek babes jantziak eramango dituzte soinean. eserleku aurrean ez dugu ohiko aldizkaririk topatuko; hauek prezintaturik eskainiko dizkigute, janari eta edarien antzera. 

TURISMO BASATIAREN AMAIERA

Hegaldi masiboen amaierarekin batera turismo basatiaren amaiera etorriko da, behintzat etorkizun hurbilean; ezingo da munduaren beste puntara lau sosen truke bidaiatu, eta beraz, gertuko turismo ez masiboa izango da bidaiatzeko modurik merke eta bideragarriena. Uda honetan Euskal Herriko txoko harrigarrienak bisitatzeko prest?