Etorkizunean depresioa izateko arriskua lau urte lehenago igarri dezakeen adimen artifiziala garatu dute Txinan
Txinako Shenzhen unibertsitateko ikertzaile talde batek depresioa izateko arriskua lau urte lehenago igarri dezakeen adimen artifiziala garatu du. Garunak beste pertsona batzuen aurpegi-adierazpenak nola interpretatzen dituen aztertzen du sistema horrek, eta etorkizunean depresio-nahasmendua izateko patroiak hautematen saiatzen da.
Lu Hanek, Shenzhen unibertsitateko Adimen Artifizialeko Eskolako irakasle laguntzaileak, zuzendu du ikerketa. IMAGEk bildutako datuetan oinarritu zuen ikerketa, Europako hainbat herrialdetako nerabeen artean egindako azterketa bat tarteko. 19 urte zituztenean, erresonantzia magnetikoa egin zieten parte-hartzaileei, hainbat emozio adierazten zituzten aurpegiak behatzen zituztela, eta ondoren, haien sintomak ebaluatu zituzten galdetegi estandarizatuen bidez. 23 urte bete zituzten arte egin zieten jarraipena, depresio zantzurik garatzen ote zuten jakiteko.
Ikerketaren bidez ondorioztatu dutenez, depresiorik ez duten pertsonek azkar antzematen dituzte besteen aurpegian gertatzen diren aldaketa emozionalak, eta, beraz, adeitasunez erreakzionatzen dute, adibidez, irribarre baten aurrean. Depresioa dutenek, aldiz, besteak haiekin haserre daudela interpretatzen dute. Hori dela eta, zientzialariek haserre-adierazpenak aztertzen jarri zuten arreta.
Munduko Osasun Erakundeak emandako datuei erreparatuta, munduko biztanleen % 4k pairatzen du depresioa, 332 milioi pertsona gutxi gorabehera. Helduen % 5.7k eta 70 urte edo gehiagoko helduen % 5.9k izaten dute depresioa.
