Etorkizun handiko ikasketak

Etorkizun handiko ikasketak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etorkizun-handiko-ikasketak/@@download/image/72p42_1364909720.jpg
2007/03/02
erreportajea
Nerea Lizarralde
Etorkizun handiko ikasketak
Unibertsitatea aukera interesgarria da edozein gazterentzat. Baina baita Lanbide Heziketa ere. Lanbide Heziketari buruzko lehengo aurreiritziak eta uste okerrak gainditze bidean omen daude. 

Azken urteetan, Lanbide Heziketak inoiz baino indar handiagoa hartu du gure artean. Hego Euskal Herrian, esaterako, ikasleen %45ak Lanbide Heziketa egitea erabakitzen du gaur egun. Ikasketak lanarekin zuzenean loturik daude, eta hori da, hain zuzen ere, ikasketon erakargarri nagusia. Egia da 2004az geroztik matrikulazio gutxiago izan direla, baina ez ikasleek unibertsitatera joatea erabaki dutelako; oro har, ikasle gutxiago dagoelako baizik. Hau da, Lanbide Heziketan ez ezik, unibertsitatean ere ikasle gutxiago dabil.

Esan bezala, beraz, gazte askok ziklo hauen alde egiten dute. Eta ez da harritzekoa, oso langabezia tasa txikia dute eta. Mantentze lan eta ekoizpen zerbitzuak, Fabrikazio mekanikoa, Zurgintza eta altzarigintza, Elikadura industria, eta Ehungintza, jantzigintza eta larrugintza dira, ziklo guztien artean, lanpostu gehien ematen dutenak. Bost ziklo horietan, okupazio tasa —ikasketak bukatutakoan, zenbat jendek lan egiten duen, beste ikasketa batzuei heltzea erabaki dutenak alde batera utzita— %90etik gorakoa da. Oro har, Lanbide Heziketan, okupazio tasa hori %85 ingurukoa da.

Hamasei urte bete ondoren has daiteke edonor Lanbide Heziketan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu berritan. Hau da, hamasei urterekin, ikasten jarraitu nahi izanez gero, bi aukera daude: Batxilergoa —gerora unibertsitatera joan ahal izateko— edo Lanbide Heziketa. Dena dela, Lanbide Heziketa ere bi modutara uler daiteke; batetik, etengabeko lanbide prestakuntza balitz bezala, eskola adineko ikasleentzat, eta bestetik, langile aktiboentzat. Proba bidezko sarbide bat ere badago Lanbide Heziketan.

Guztira, 140 bat titulu daude; erdi mailakoak eta goi mailakoak. Zikloen edukiak lanbide eremu baten ezaguera tekniko-praktikoak dira. Amaieran, ikaslea teknikari edo goi mailako teknikari titulu ofizialaren jabe izango da, eta enpresetako praktika errealetan hartutako lan esperientziak profesional gaitua dela bermatuko du. Titulua lortzeko, ikasleak heziketa ziklo batean izena eman eta ikasi beharko du. Heziketa ziklo bakoitza 1.300 eta 2.000 eskola ordu artekoa da, bi ikasturtetan banatuta; haietatik, 400 eta 600 ordu bitarte eskaintzen zaizkie enpresetan derrigorrez egin beharreko praktikei.

Enpleguaren kalitatea

Esan bezala, Lanbide Heziketa egindakoen artean, oso langabezia txikia dago gaur egun. Zein baldintzatan lan egiten dute, ordea? Bide honetatik lan mundura iritsitakoen %97,5ak enpresaren edo erakunderen batean lan egiten du: %65,5ak aldi baterako lan kontratua du, %13,5ak beka edo prestakuntza kontratu ordaindua du eta %17ak, kontratu mugagabea.

Beste galdera bat: lanak zerikusia du haiek ikasitakoarekin? Inkesten arabera, erdiak baino gehiagok ikasketekin oso loturik dagoen lana aurkitu duela dio; %13ren ustez, berriz, lanaren eta ikasketaren artean lotura txikia dago, eta %32ak lanak ikasitakoarekin inongo loturarik ez duela dio.

Abantailak

Luzaroan uste oker bat ibili da gure artean: unibertsitate lizentziatura bat izanez gero, lana errazago lor daiteke. Ez da egia, ordea. Izan ere, lan merkatura iritsi berrientzat, errazagoa da lana Lanbide Heziketa titulu batekin aurkitzea lizentziatura batekin baino. Lanbide Heziketako ikasleek oso lanbide eta jarduera jakin batzuk ikasten dituzte, eta dirudienez, enpresek ontzat jotzen dute espezializazio hori.

Lanbide Heziketaren beste abantaila bat, lan merkatuari begira behintzat, ondorengoa da: unibertsitariek laupabost urte pasatzen dituzte fakultatean. Lanbide Heziketakoek, aldiz, pare bat urte. Eta ikasketak bukatutakoan, unibertsitatean ibilitakoek denbora luzeagoa behar izaten dute lana topatzeko. Beharbada  horregatik, gaur egun, lehen ez bezala, zenbait gaztek unibertsitatea utzi eta Lanbide Heziketara jotzen dute. Hori bai, baliteke lizentziadunak, lan esperientzia hartu ondoren, teknikari batek baina lanpostu eta soldata hobea izatea…

Kontuak kontu, nork bere apustua egin behar du. Aurreiritziak eta uste okerrak alde batera utzita. Eta Lanbide Heziketa, unibertsitatea bezala, apustu interesgarria izan daiteke. Gaur egun, horixe da Euskal Herriko gazte askorentzat.

Zalantzak argitzeko, nora jo?


Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak badituzte lana bilatzerakoan edo ikasketak aukeratzerakoan laguntzen duten zerbitzuak. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian Lanbiden (www.lanbide.net) aurkituko dugu informazioa: lanbideak, lana aurkitzeko aukera handiagoa izateko gomendatutako ikasketak, plan pertsonalak, nork bere enpresa sortzeko aholkuak, lan merkatuaren egoera, balizko lehiakideak.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren webgunean (www.navarra.es) ere antzeko informazioa topatuko duzue.