Etorkin eta emakumezko

Etorkin eta emakumezko https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etorkin-eta-emakumezko/@@download/image/50p41-1_1366974782.jpg
2005/03/04
erreportajea
Jon Odriozola
Zenbat aldiz entzun ote da etxe bat baino gehiagotan, putzua gurutzatu eta artzain joan zen aitonaren istorioa. Edota "Ameriketara joan nintzen, xentimorik gabe; handik etorri nintzen, maitia, bost milioien jabe" kanta ospetsua. Gaur egun, oro har, euskaldunok ez dugu mugaz gain lan bila joan beharrik. Egun, etorkinak ate joka datozkigu. Etorkin hauetako asko emakumezkoak dira, eta horien kasuan, diskriminazioa areagotu egiten da.

Euskal Herrira premiaren premiaz etorri diren etorkinen patua, askotan esaldi bakarrean laburbildu daiteke: "Lan egin nahi, eta ezin". Baina ez da hori arazo bakarra, ez da gutxiagorik ere. Etxebizitza, legezko egoera, jendearen mesfindantza eta harrera hotza… etorkinek hamaika arazo topatzen dituzte bidean.

Dena den, emakumezkoen kasuan, oztopo horiek bikoiztu egiten dira askotan; izan ere, diskriminazioa bi aldetatik jasan behar izaten dute: etorkin izateagatik eta emakumezko izateagatik.

Hain zuzen, Euskal Herrira heltzen diren etorkin asko emakumezkoak dira, eta ez hori bakarrik. Emakumezkoek berebiziko pisu eta garantzia dute etorkin kolektiboen barne-antolakuntzan.

Sandra Mosquera ekuadortarra da, eta 12 urte daramatza Euskal Herrian. Sandra botikaria da lanbidez, eta Esperanza Latina elkartearen bultzatzaile nagusietako bat da. "Oiartzunen bizitzen jarri aurretik, Errenterian eman nituen lehen bi urteak", dio Sandrak. "Azken urteotan jende asko etorri da Ekuador aldetik, nahiz eta orain bisa lortu beharra dagoen hona etortzeko, eta hori traba handia bihurtu den".

Bisa eskuratzeko, zenbait baldintza bete behar dituzte Ekuadorretik hona etorri nahi dutenek. Batetik, Ekuadorrek Espainian duen kontsulatuan, pasaportea eskatzen zaie estatu espainiarrera etorri nahi dutenei. Horrez gain, lanean ari diren enpresako nomina edo lan kontratua galdegiten zaie. "Gaur egun, bisa lortzeko baldintzetariko bat dirua izatea da. Bisa eskuratu nahi duenak 2.000 dolar dituela frogatu behar du. Horrez gain, agiri asko aurkeztu behar dira" , dio Sandrak.

Bisa, lehen oztopoa

Joan den abuztutik hona bisa nahitaezkoa da, eta horrek etorkin kopurua nahiko jaitsi du. "Ekuadorretik Estatu Espainiarrera etortzen den jende gehiena Madril eta Bartzelonara joaten da. Euskal Herrian, aldiz, Nafarroan bizi dira ekuadortar gehienak; Nafarroan Bizkaia eta Gipuzkoan bi halako dira, hain zuzen. Araban askoz gutxiago daude", jakinarazi digu Sandrak.

Euskal Herrian lur hartu ondoren, hemen bizitzen denbora daraman lagun edota kontaktu bati esker, lanen bat topatzen dute ekuadortar heldu berri hauek. Ahoz ahoko albiste emaria da horretarako bide nagusia.

Garai bateko morroiak bezala

"Ekuadorretik heldutako kolektiboan, dagoeneko emakume gehiago dago gizonezkoenak baino. Emakume hauek etxeko lanetan aritzen dira: zaharrak eta haurrak zaintzen, garbiketan…", argitu digu Sandrak. "Astelehenetik larunbata bitartean etxeetan lan egiteaz gain, emakume hauek etxe horietan lo egiten dute. Horrexegatik, igandea izaten dute jai egun bakarra". Azken batean, emakumezko hauen lan baldintza gogorrak ikusita, Euskal Herrian garai batean hain ugari izandako morroiak etortzen zaizkigu gogora.

Caritas erakundeak lan poltsa bat dauka etorkinei laguntzeko. Maite Etxabe Caritas-eko partaidearen ustez, "euskal herritarrek etxeko lanetarako langileak nahi izaten dituzte, eta hori dela eta, gurí hots egiten digute. Guk, eskaintza horien berri ematen diegu lan bila etortzen diren etorkinei".

Maitek dioskunez, ertamerikarrentzako oso lagungarria da gazteleraz jakitea: "Europa ekialdeko emakumeak hasieran hizkuntza ikasten aritzen dira, eta lehen bi hilabeteetan ezin izaten dute lanik egin. Gurutze Gorriak, Helduen Eskolak eta Caritasek elkarlanean ematen ditugu ikastaro horiek".

Dentistak etxeko lanetan

Agustin Unzurrunzagak hamahiru urte daramatza SOS Arrazakeria erakundean. Egun, etorkinen erregularizazio prozesua dela eta, lanez gainezka dabil: "Aurkeztu beharreko espedienteak osorik ote dauden, zigilu guztiak ondo ote dituzten, lan kontratua ondo dagoen… zalantza asko sortzen zaizkie, eta guk laguntza ematen diegu".

SOS Arrazakeria erakundearen datuen arabera, duela lau urtetik hona emakumezko etorkinak gizonezkoak bezainbeste dira. "Azken urte hauetan, gehientsuenak hegoamerikarrak eta Europa ekialdekoak dira. Hegoamerikarrei dagokionez, Ekuador, Kolonbia, Brasil eta Argentinakoak dira nagusi… eta azken boladan, Boliviakoak ere asko dira. Europa ekialdekoak, aldiz, batik bat ukraniarrak eta errusiarrak dira", dio Agustinek.

Baina nolakoak dira, zein ezaugarri dituzte emakumezko etorkinek? "Gutxi batzuk ezik, gehienek irakurtzen eta idazten dakite. Bat baino gehiagok erdi mailako ikasketak eginak ditu, baita goi mailakoak ere. Ezagutu izan ditut, irakasleak, banketxeetako langile ohiak… gaur egun, ezinbestean, etxe garbiketan lanean ari dira horiek guztiak", diosku Caritas erakundeko Maite Etxabek.

Agustin Unzurrunzaga ere bat etorri da Maiterekin: emakumezko etorkinek aukera txikia izaten dute lanen bat aurkitzeko, etxeko lanetan ez bada: "Ezagutu izan ditut dentista eta elektronika ingeniariak, etxeko eginbeharretan".
Ostalaritzan eta adineko jendea zaintzen aritzen dira beste batzuk. "Nahiago dut honetan jardun,, nire herrian langabezian egotea baino"; horixe esaten omen diote askotan Agustini.

Agustin Unzurrunzaga eta Maite Etxabe bat datoz ondorengoan ere: egunetik egunera, emakumezko etorkin gehiago dagoela gurean. "Baina inolako jende-olderik ez, ezta antzik ere", diosku Maitek.

Legean dago gakoa

Agustinen iritziz, "legeak berak behartzen ditu etorkinak era horretako lanetan aritzera".  Izan ere, enpresari batek lan munduko bulego ofizial batera langile bila jotzen duenean, langabezian dauden sektore horretako beharginen berri ematen zaio, baina lehenik, bertako herritarren berri ematen zaio beti. Sektorean jendea falta bada, etorkinekin betetzen dute zulo hori.

"Ez da egia emakumezko etorkinek soilik etxeak garbitzen lan egin nahi dutenik, horretara behartuta daudela baizik", argitu du Agustinek: "Lanbide horiek onartzea beste aukerarik ez dute. Etorkin batek bere ikasketen araberako soldata duen lan hobeago bat topatzen badu, legez ezin du onartu, bere egoera erregularizatzeko".

Agustinek ezagutzen du prostituzioan lanean ari den etorkinik, "baina euren inmigrazio proiektua berezia da; behin-behinekoa baita. Denek bezala sosak behar dituztenez, bizpahiru urtez prostituzioan aritzen dira, eta helburua lortuz gero, jaioterrira bueltatzen dira".

Normalizazio prozesuari begira, Agustin ez da batere baikorra, "administrazioa ez baita gauzak ondo egiten ari, Gobernuak ez du erregularizazioa aipatzen, normalizazioa du buruan. Bere helburua ez da erregularizazio jendetsua egitea, enpresariek nahi dituzten langileen egoera normalizatzea baizik".

Karga itzela bizkar gainean



Emakumezko etorkinen kasuan, sexu generoarekin lotutako karga guztiak present daude. Esaterako, etxetik kanpo oso lan baldintza kaskarretan aritzeaz gain, emakumezko hauek beren etxeetako lanak ere bizkar gainean hartu behar izaten dituzte. Bestalde, bikotekide edo senarraren tratu txarrak jasan ezkero, erabat babesik gabe egoten dira sarri.

Bizi duten egoera oso txarra izanagatik, emakume hauek erabat giltzarri dira inmigrazio prozesuaren barruan: "Eurak baitira denboraldi bat igaro ondoren, sendia hona ekartzen dutenak", diosku Agustin Unzurrunzagak.Euskal Herrian bizi diren etorkinek 30 urte dituzte bataz beste, eta  emakumezkoa izan ohi da etortzen lehena. "Emakumezkoak txanpon batzuk lortzen dituenean, bere seme alabak edota senarra ekartzen ditu. Familia osoa elkartzeko prozesuak oso luze jo dezake; adibidez, oso zaila baita haurrak hona ekartzea. Gauzak ondo joanez gero, bizpahiru urte igaro daitezke ama batek bere haurrak berriz ere beso artean izaterako".