Etiopiako gazela gazteak

Etiopiako gazela gazteak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etiopiako-gazela-gazteak/@@download/image/201011234146DSCN1908.JPG
2012/12/13
berria
'Ez gara inozoak. Sinesten dugu utopian'. Hori da Etiopia Utopia Fundazioaren leloa. Angel Olaran misiolari hernaniarra da elkartearen arima eta bihotza. Wukron lan eta lan dabiltza aspaldi Olaran eta hari laguntzeko prest azaldu direnak. Hainbat esparrutan dihardute, tartean kirolean, eta Etiopiako lau korrikalari etorri dira Euskal Herrira. Etxera itzultzekotan direla harrera beroa egin diote GAZTEZULOri. 

Donostiako Igeldo mendi magalean dago La Sirena aterpetxea. Bertan daude bi mutil –19 urteko Maru Gerezihir eta 20 urteko Akebom Hadush–  eta beste bi neska –19 urteko Tigist Kiros eta 20 urteko Trhes Gebre–. Neskek mutilek baino bihurriagoak dirudite. Lotsati antzean eseri dira Berhane Fanta entrenatzailearen eta kazetariaren ondoan. Lotsak, dena dela, gutxi iraun du, algaraka hasi baitira fundazioko lagunak iritsi eta bazkaria prestatzen hasi direnean.

Goizez ingelesa ikasi, arratsaldean korrika egin
Gurean, goizez ingelesezko eskolak hartu dituzte eta arratsaldeak entrenatzeko gorde dituzte. Euskal Herria izugarri gustatu zaiela esan dute, edo saiatu dira behintzat keinu bidez. Aurpegiarekin gauza asko adieraz baitaitezke. Angel Olaran biziki maite dutela ere aipatu dute. Ez dute esan beharrik ere. Misiolari gipuzkoarraren izena aipatu bezain laster irribarrea agertzen zaie ezpainetan. Donostian udazkenean jokatzen diren bi lasterketetan garaile atera dira, nola gizonezkoetan hala emakumezkoetan. Hiru Hondartzetako Krosean eta 15 kilometroko proban, zehazki.  Ez hori bakarrik: markak ere txikitu dituzte. Euskal Herrian egiten diren proba herrikoienetan herrikoienean, Behobia-Donostian une ezin garratzagoa bizi izan zuten. Txiparekin izandako gorabeherak medio, azken atera behar izan zuten, negar batean. Irabazteko moduan ote ziren? Auskalo, baina ikusita zer abiadan aurre hartu zieten ehunka korrikalariri, duda gutxi. Etiopia Utopia Fundazioko lagunak haien zain zeuden helmugan, hoztuta iritsiko ziren beldur, eguraldi makurra izan zutelako: euria goian behean. Haiek, ordea, beste kezka bat zuten buruan helmuga gurutzatuta: "Time? Time?" galdetzen zuten etengabe. Egindako denbora jakin nahi zuten. Ez ziren podiumera igo, jakina, baina proba antolatzen duen elkarteak, Fortuna Kirol Elkarteak, datorren urtean parte hartzeko aukera izango dutela agindu die. Horri esker, gauzak ondo, datorren urtean ere zenbait astez Etiopia utzi eta gurera etorriko dira.

Etxeratu aurretik, maratoia
Etxerako bidea hartu aurretik, igandean –azaroak 28– ikusiko ditugu azkenekoz korrika, Donostiako Maratoian. Akebom Hadush maratoi batean parte hartutakoa da, baina gainerako hiruak ez, eta horregatik ez diote helburu handirik jarri euren buruei. Ibilbide osoa –42 kilometro– egin beharrean, zati bat egitea nahikoa izango dute ziurrenik.

Hilaren 30ean hegazkina hartu eta Etiopiara itzuliko dira. Etxera. Hori bai, gurera itzultzeko esperoan. Esan bezala, Behobia-Donostiako antolakuntzak aahalbidetuko die Euskal Herria berriz ere bisitatzea. 2011n ingelesa ez ezik, euskara ikasten ahaleginduko direla agindu digute. Ordura arte, euren herrian entrenatu eta senitartekoei lagunduko diete. Atletismoaren munduan noraino irits daitezkeen galdetu diogu entrenatzaileari eta keinua okertu du. Han baliabide gutxi dituzte –korrika egiteko oinetako aproposak janzteko ere lanak dituzte–. Dohainak, berriz, sobera.

Gogoratu izenak: Akebom Hadush, Maru Gerezihir, Tigist Kiros eta Trhes Gebre. Beharbada, berandu baino lehen Munduko Txapelketa batean edo Olinpiar Jokoetan ikusiko ditugu.