Etengabeko erasoa

AEBen operazio militar ugarietako baten izena dirudi. Edo bestela, Jean Claude Van Danm-en azken jipoi-filmaren izenburua. Gu beste "eraso" mota bati buruz ari gara, ordea, telebistaren muturrekoez, alegia.
Izan ere, urrian, Espainiako Tele 5-eko "Popstars"-eko neska panpoxek agur esan ondoren, "Operación Triunfo" mitikoaren bigarren saioa hasiko da TVEn. Ez dago arnasa hartzeko betarik. Eta O.P. gustuko ez dutenentzat "Gran Hermano" Tele 5-en! Gora bihotzak!
Honelako saioak bata bestearen segidan eskaintzea, hala ere, ez da okerrena. Okerrena da batek irudipena duela saiook amaigabeak direla. Zenbat alditan ez ote ditugu entzun udan Espainiako Rosaren, Bisbalen eta Chenoaren kantuak (ez pentsa, Euskal Herriko herririk euskalduneko zokorik euskaldunean ere dantza egin dituzte beren abestiak )? Eta ez al zaizue iruditzen O.P-ko protagonistak egun santu osoa daudela telebistan eta informazio saioak ere aurkezten hasi direla? "Popstars"-ekin beste hainbeste. Aurrekariak, behintzat, ez dira oso onak: telesaio hau Japonian sortu zen, eta irabazle ateratako zazpikotearen diskoa lehen postuan egon zen urtebetez bertako musika zerrendetan Ai ene!
Baloikadak barra-barra

Popstars, Operación Triunfo, Star Academy eta enparauena ez da eraso bakarra, zoritxarrez. Futbol erasoa ere areagotu egin da. Hasi ez da hasi, areagotu egin da. Udan ere -futbolzale ez direnentzako babesleku bakarra garai batean- hamaika partida interesgarri jasan behar izan baititugu. Eta telebista guztien artetik, ETB izan da txapelduna (abuztuan, nork ez du ikusi bere herriko taldearen eta Reala, Athletic, Osasuna edo Alavesen arteko partida?). Azken urteotan nabaria denez, ETBren eta euskal taldeen artean harreman estua dago: telebistak zenbat eta partida gehiago eskaini, orduan eta okerrago dabiltza bertako taldeak.