Eta uda amaitzen denean?

Eta uda amaitzen denean? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eta-uda-amaitzen-denean/@@download/image/33na2_1368789789.jpg
2003/09/05
erreportajea
Eta uda amaitzen denean?
Hil honetan bukatuko da uda. Baliteke zuetako batzuek azken hilabeteotan maitasun istoriotxoren bat eduki izana, aukera ugari sortzen baitira udan. Dena dela, garai honetako abenturak uda bera baino laburragoak izan ohi dira.

Uda ligatzeko urtaro aproposa dela diote. Giroak barneko sua pizten omen du. Tenperatura igotzearekin bat, arropa gutxi janzten du jendeak. Hondartzak gorputz beltzaranez betetzen dira. Eta makina bat aukera daude neska-mutiletan ibiltzeko: jaiak, kanpaldiak, beste herri batean egindako egonaldiak… Giro hori lagun, maitasun abenturak ugaritu egiten dira, batez ere gazteen artean. Ez da harritzekoa: nork ez ditu atsegin hondartzan lagunarekin "kroketak" egitea edo kanpaldian ilargi betearen azpian zirriak egitea? Udako abenturek, bestalde, gainerakoek ez duten usaina izaten dute: "lau egun" besterik ez direnez, denbora azken tantaraino aprobetxatu beharra dago! Ez da beraz, dosi txikietan jandako gozokia, galtzearen beldur pasio handiz dastatuz jandakoa baizik.

Tximistaren antzera
Hala eta guztiz ere, iraupenak egiten omen ditu berezi udako maitasun istoriotxoak: oro har, ez dute gehiegi irauten, laburrak izan ohi dira. Are gehiago, harreman asko txikimista bezain azkarrak dira. Jakina, salbuespenik ere bada: "Gure harakinak sanferminetan ezagutu zuen emaztea eta urrezko ezteiak ospatu dituzte duela gutxi!". Baina, hel diezaiogun benetako galderari: zergatik dira hain laburrak uda garaiko maitasun istorioak? "Udan edozein abentura gozatzeko prest gaude eta gehienetan gozatzea baino ez diogu eskatzen lagunari. Ezaugarri hori duten maitasun abenturek, gehienetan, gutxi irauten dute", esan digu Olatz Berastegi sexologo nafarrak.

Amets batean bezala
Beste arrazoi bat ere bada: udan eta, batez ere, oporretan amets batean bezala egon ohi gara. Bai, hala da, egunerokoa ahaztu eta bizimodu dibertigarriagoa egiten saiatzen gara. Eta ahalegin horretan, errealitatetik ihes egiten dugu: adibidez, ez dugu gogoan uda aurretik txoro-txoro eginda izan gintuen bizilaguna eta, aldiz, igerilekuan egon ohi den atzerritarrarekin maitemintzen gara (gure etxetik milaka kilometrora bizi den arren...). Horregatik, askotan, egunerokora itzultzen garenean, azken ligearen hitzak oso urrun entzuten ditugu eta haren aurpegia arrotz egiten zaigu. Akabo maitemina! Udan horrelako zerbait gertatu bazaizu, ez zaitez kezkatu. Askori gertatzen baitzaie gauza bera. Gainera, neguan ere mutiletan edo nesketan egin daiteke; artilezko txapela eta esku larruekin izan arren. Ez egin dudarik.

Eta maitemindu bazara?



Udako abentura bat izan duzu eta maitemindu egin zara. Dena dela, udako lagunak ez du ezer seriorik nahi. Zer egin?

• Ez du merezi sufritzea. Saia zaitez pertsona hori burutik kentzen; beste bat aurkituko duzu eta! Nahi duzun denbora guztia duzu gustuko norbait topatzeko.

• "Banekien horrelako zerbait gertatuko zela", "Inozente hutsa naiz"… Ez ezazu zure burua gisa honetako pentsamenduekin zigortu. Maitasuna, batzuetan, behar ez den pertsonarekin eta behar ez den momentuan sortzen da.

• Ez zaitez negar zotinka hasi. Horrelako gertaerak ez dira dramatizatu behar. Pertsona horrekin maitemindu bazara, zerbaitegatik izango zen. Gorde itzazu buruan berarekin izandako momentu gozoak eta kitto.

• Gogoan izan inork ez duela gertatutakoaren errua. Promesaren bat egin zizun, ala? Badakizu udako ligeak horixe izaten direla: abentura txiki-txikiak.

• Ez beldurrik izan. Behin gertatu da, baina ez du zertan berriro zertan gertaturik. Beraz, ez itxi zure bihotza.