Eta kantu onena?

Eta kantu onena? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eta-kantu-onena/@@download/image/57p56-1_1366319944.jpg
2005/11/04
erreportajea
Unai Brea
Eta kantu onena?
Zein da historiako euskal abestirik onena? Galdera horri erantzuteko aitzakiagaz, ETB-1 "Euskal Kanturik Onena" saioa ematen dabil urritik. Badirudi saioak arreta apur bat piztea lortu duela, eta euskarazko telebista kate bakarrean, hori eskertzekoa da.

Asmakizuna ez da berria. Europako zenbait herrialdetan, eta batez ere Ingalaterran, hamarkadak daramatzate antzeko saioak egiten: zein izan da 80ko hamarkadako talderik onena? Zein 70eko gitarrajolerik onena? Eta azken 15 urteotako kanturik hoberena? Horregatik, 3koma ekoiztetxekoak ez ziren hainbeste kezkatu, "Euskal kanturik onena" prestatzen zebiltzala, TVE "La cancíon de tu vida" ematen hasi zenean, ideia berean oinarrituta. "Hasieran gurea kopiatzat hartuko ote zuten beldur izan ginen, baina gero konturatu ginen, formato hau aspaldikoa eta nazioartekoa dela", esan digu Itxaso Atutxa 3komako behargin eta saioko zuzendariak.

Mekanika erraza da: aldez aurretik 72 kantu aukeratu dira, musika kritikarien laguntzagaz, besteak beste, eta kantu horiek hamabi saiotan zehar antzeztuko dira.

Horretarako, abeslari sortatxo bat elkartu dute, gehienak ETBren zelanbaiteko harremana daukatenak. Programa bakoitzean boto gehien jasotzen duen kanta —ohiko telefono dei eta sms-en bidez—, abenduaren 28rako iragarrita dagoen finalera joango da, zuzenean. Horrez gain, irabazi ez arren, boto askotxo jaso dituzten beste hiruzpalau kantu berreskuratuko dituzte finalerako.

"Euskal Kanturik Onena" saioak 70 eta 80ko hamarkadetako kantuak berreskuratu ditu, batez ere. Badago kantu herrikoiren bat, eta baita modernoagoaren bat ere. Askorentzako nostalgia ariketa izango da, zalantza barik. Baina gazteak ere parte hartzen ari omen dira, sms-ak bidaltzea gazte kontua dela ontzat ematen bada, behintzat.

"Lehenenego emanaldiak iraun zuen denboran, 900 sms jaso genituen. Guretzat oso pozgarria izan zen hori, batetik, sms asko direlako, eta bestetik, horrek boto-emale asko gazteak direla adierazten duelako". Kontua da, audientzia politak lortzen dabiltzala, ETB-1ek darabiltzan kopuru apalen barruan, beti ere. Antza, programaren egileek asmatu egun dute formularekin.

Ez da erraza, ordubete baino gehiago irauten duen saioa, soilik sei abestiren inguruan osatzea. Kantu eta kantu arteko tarteak ondo betetzen dituzte elkarrizketen bidez, eta programa arina suertatzen da. Ea etorkizunean jarraipiderik daukan.

Operacion triunfori usain txarra dario


Musikaren ildotik ere bai, baina oso bestelako estiloagaz, “Operación Triunfo”k ere bere txapa partikularra eman digu, hilabeteotan, Hegoaldeko euskal herritarroi. Iruzur salaketak ere egon dira saioaren inguruan: zenbait elkartek adierazi duenez, ikusle ugari kexatu da ezinezkoa gertatu zaielako eurek gura zuten lehiakideari botoa ematea, ez telefonoz eta ez sms-z. Lehiakide hori, noski, kaleratua izan zen, finala jokatzeko aukerak galduz. Bidalitako sms antzuak, gainera, berdin kobratu dizkiete kaltetuei. Kontua da albisteak ez gaituela batere harritzen. Zergatik ote? Usainarengatik, akaso?