Eta 68ko maiatza?

Eta 68ko maiatza? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eta-68ko-maiatza/@@download/image/gaztezulo_maiatza Paris 01.jpg
2008/05/02
erreportajea

Ander Usabiaga

Eta 68ko maiatza?

Duela 40 urte Paris sutan zegoen; gazteak matxinatuta, eta boterea, larri. Baina Frantziako hiriburuan ez ezik, munduko beste toki askotan ere primerako erantzuna izan zuen iraultzarako deiak. Zer gertatu zen 1968an? Eta zer gertatu da haren ondorioekin?


68ko maiatzean Parisen izan zirela dioten guztiak benetan han izan balira, Bilboko Zazpi Kaleetako tabernak bezain ondo ezagutuko lukete askok Frantziako hiriburuko Auzo Latinoa. Eta urte hartan, Espainiako poliziaren aurrean korrika ibili zirela dioten guztiek benetan korrika pixka-pixka bat egin izan balute, ez genuke gure artean horrenbeste tripa handi izango. 1968a urte mitikoa da, eta dirudienez, mundu guztia han ibili zen; orduko mugimenduetan, orduko manifestazioetan, orduko istiluetan, orduko kontzertuetan... Gaur egun, mundu hori guztia beste nonbait dago; han ez, beste toki batzuetan baizik. Lasai, hala ere: "20 urterekin iraultzaile ez bazara, ez duzu bihotzik; 40 urterekin iraultzaile bazara, ez duzu bururik" esanda, akabo arazoa. Non dago, beraz, 1968a?

Hitz bakar batean laburbildu beharko bagenitu duela 40 urte munduko hainbat lekutan gertatutakoak, haustura aukeratu beharko genuke; aurrekoarekin hausteko, mundua iraultzeko eta zerbait berria sortzeko gogoa. Pragako ikasleek sobietarren tankeei aurre egiten zieten bitartean, Parisekoek Marx, Mao edo Che Guevararen erretratuz bete zuten Sorbona unibertsitatea. Bitxia, ezta? Aldatzeko grina berak bizi zituen, hala ere, batzuk eta besteak.  

Paris izan zen matxinadaren hiriburua. Lehendabizi unibertsitarioak atera ziren kalera eta langileak, gero. Abiapuntua ez zen kasualitatea izan: Vietnameko gerraren aurkako ekintzaile batzuen atxiloketa. Protesta egiteko arrazoi izan baitzen askorentzat Vietnam, eta baita eredu ere, txikiak handia estutu zezakeela erakutsi zuten-eta vietnamdarrek. AEBen inperialismoaren aurkako jarrera horren atzean, ordea, beste arazo mota batzuk zituzten Pariseko ikasleek: masifikazioa unibertsitateetan, langabezia, poliziak protestei eman ohi zien erantzun bortitza... Baina, ororen gainetik, esan bezala, sistema kapitalista, gizartea bera, iraultzeko gogoa zuten gazteek. Dena zegoen auzitan: hezkuntza sistema, familia, autoritatea... Baita marxismo klasikoaren betiko formulak ere.
Autogestioaren garaia zen. Feminismoarena. Sexu iraultzarena. Azterketarik gabeko unibertsitatearena. Irudimenarena. Esaldi ezagun ugari utzi zituen 68ko maiatzak: "Aspertzea iraultzaren aurkakoa da". 

Epizentroa Parisen zegoen, baina txinparta kontinente guztietara zabaldu zen: Rio de Janeiro, Montevideo, Berkeley, Berlin, Erroma, Milan, Londres, Tokio... Leku horietan guztietan, gazteak agintearen aurka eta utopiaren alde. Tokian tokiko aldarrikapenekin, baina zerbait berriaren bila —zerbait hori erabat zehaztu gabe zegoen arren—. Mugimenduak oso ondorio larriak izan zituen Mexikon. Han, zentsura, tortura eta hilketa politikoa eguneroko ogia ziren gobernua kritikatzen zutenen artean. Horren kontra matxinatu ziren unibertsitarioak. Gobernuak, hala ere, ez zuen gupidarik izan: armada eta polizia bidali zituen manifestazioen kontra, eta gorpuz josirik utzi zuen Hiru Kulturen Plaza. Baina, handik hamar egunera, ezer gertatu ez balitz bezala, Olinpiar Jokoak inauguratu zituzten Mexikon.

Kolore propioak
Bandra gorririk eta Maoren kartelik gabeko matxinada ere izan zen sasoi hartan; Txekoslovakian, Polonian edo Jugoslavian, esaterako. Herrialde haietan alderdi komunista zegoen agintean, eta aldaketa gogoak beste aldarrikapen mota batzuk jarri zituen mahai gainean: greba eskubidea, sindikatuak eta alderdi politikoak sortzeko askatasuna, zentsura kentzea... Aurrerapauso handienak Txekoslobakian eman zituzten, bertako Alderdi Komunistak aurpegi humanodun sozialismorako programa aurkeztu zuenean; Pragako Udaberria zen.

AEBetan ere kolore propioak izan zituen 1968ak. Beltza, noski, urte giltzarria izan baitzen herritar afroamerikarren eskubideen aldarrikapenean. Martin Luther Kingen hilketak eskubide zibilen aldeko mugimendu baketsuaren gainbehera eta Pantera Beltzen eta jarrera gogorragoa zuten antzeko taldeen zabalkundea ekarri zuen. Mugimendua erradikalizatu egin zen. Black Power-en garaia zen, Mexikoko Olinpiar Jokoetako argazkirik ezagunena. Gorri kolorea ere izan zuen 68ak AEBetan: J. F. Kennedy presidente zenaren anaia Roberten odolarena, alegia. Robert Kennedy senataria Alderdi Demokratako presidentegai izateko kanpainan ari zela hil zuten tiroz. Bere heriotzak herrialdea astindu eta mamu zaharrak berpiztu zituen. Hippyen arrosak, moreak, urdinak eta beste hamaika koloreek ere AEBk jantzi zituzten urte hartan. Kultura hori urte pare bat lehenago sortua zen Kalifornia aldean, baina ordurako, herrialdean barreiatuta zegoen eta areago, Europarako bidea ere hartua zuen. Hippyen bakezaletasunak, drogekiko jarrera irekiak eta sexu askatasunak goia jo zuten 1969an, Woodstock-eko kontzertuan.

Kontuak kontu, 1968an tankeak ere iritsi ziren. Pragara, eta beste toki askotara. Traizioak ere irisi ziren. Beldurra ere bai. De Gaulle kontserbadorea aise nagusitu zen Frantziako hauteskundeetan. Debekuak ere iritsi ziren. Ahuleziak agerian geratu ziren. Eta mundua aldatu behar omen zuen urtea bukatu egin zen. Non dago 1968. urtea?

1968a Euskal Herrian
1968a zineman


68ko kronologia


Urtarrilak 2. Christiaan Barnardek munduko bigarren bihotz transplantea egin zuen.  
Urtarrilak 18. Flandestarren eta frantses hiztunen arteko gatazka zela eta, istilu gogorrak Lovainako unibertsitatean. Unibertsitatea banandu egin zen, eta frantses hiztunek beste bat sortu zuten Walonian: Lovaina berria.
Urtarrilak 29. Teteko ofentsiba Vietnamen; Hego Vietnameko hainbat hiri hartu zituen Vietcongek.  
Apirilak 4. AEBetako Menphis hirian, Martin Luther King beltzen eskubideen aldeko borrokalaria hil zuten atentatuan.
Apirilak 10. Erresuma Batuan, 21 urtetik 18 urtera jaitsi zuten adin nagusitasuna.
Apirilak 15. Pragako Udaberria: Txekoslovakiako Alderdi Komunistak eskubide indibidualak zabaltzeko programa politikoa aurkeztu zuen. Herritarrek, pozik, kaleak hartu zituzten.
Maiatzak 9. Espainiako Itzuliak Iruñea eta Gasteiz arteko etapa egin zuen. Leherkari batek eztanda egin zuen bidean.
Maiatzak 10. Parisko Auzo Latinoan, manifestazio gogorra: 367 zauritu, 460 atxilotu eta dozenaka auto erreta.
Maiatzak 13. Ikasleek Parisko Sorbona unibertsitatea hartu zuten.
Maiatzak 20. Cannesko zinemaldia bertan behera, Frantziako istiluak zirela eta.
Ekainak 5. Robert Kennedy senataria atentatuan zauritu zuten. Ondorengo egunean hil zen.
Ekainak 7. ETAk Jose Pardines guardia zibila hil zuen. Handik hiru ordura, Guardia Zibilak Txabi Etxebarrieta etakidea hil zuen.
Ekainak 16. Sorbonako unibertsitatetik ikasleak atera zituen poliziak.
Ekainak 30. De Gaulle jaun eta jabe, Frantziako hauteskundeetan.
Uztailak 10. Ama lur  filma estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian. Aretoa lepo zegoen, eta ikusleen artean guardia zibilak ere baziren.  
Abuztuak 2. ETAk Meliton Manzanas komisarioa hil zuen Irunen.  Ondorengo egunean, salbuespen egoera luzea hasi zen Gipuzkoan. Hego Euskal Herrian, abuztuan, 600 bat lagun atxilotu zituzten.
Abuztuak 8. Tiroketak, AEBetako Los Angelesen, Pantera Beltzak taldeko kideen eta poliziaren artean.
Abuztuak 17. 40 apaiz Bilboko gotzaindegian itxialdia egiten hasi ziren, Gurpide Bizkaiko gotzainaren jarrera frankista salatzeko.
Abuztuak 20. Sobiet Batasuneko eta beste herrialde batzuetako milaka soldadu Txekoslovakian sartu ziren. Pragako Udaberriaren bukaera.
Urriak 2. Mexiko hiriburuko Hiru Kulturen Plazako sarraskia: dozenaka manifestari hilda eta ehunka zauritu eta atxilotu.
Urriak 3. Euskaltzaindiaren Arantzazuko Batzarra hasi zen; bertan, euskara batuaren lehen arau multzoak finkatu zituzten.
Azaroak 12. 60 bat apaiz itxialdia egiten hasi ziren Derioko apaiztegian. “Euskal Herri Langilearen zapalkuntza” salatu zuten apaizek.
Abenduak 31. Charles De Gaulle Frantziako presidenteak, telebistan: “Lurpera ditzagun, behingoz, bukatzear den urte honetan kolpatu gaituzten deabruak”.