Estitxu Pinatxo: “Pixkanaka-pixkanaka emakumeon presentziak gora egin duela nabarmen iruditzen zait"

Estitxu Pinatxo: “Pixkanaka-pixkanaka emakumeon presentziak gora egin duela nabarmen iruditzen zait" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/estitxu-pinatxo-201cpixkanaka-pixkanaka-emakumeon-presentziak-gora-egin-duela-nabarmen-iruditzen-zait/@@download/image/portada_neurrira.jpg
2019/11/07

 Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Estitxu Pinatxo: “Pixkanaka-pixkanaka emakumeon presentziak gora egin duela nabarmen iruditzen zait"

Estitxu Pinatxo (Bera, 1987) nafarrari txikitatik datorkio musikarekiko zaletasuna, eta horrexegatik oraindik gaztea izan arren jada ibilbide interesgarri bezain oparoa egina du. Hainbat proiekturi jarri dio ahotsa eta telebista saio batean ere parte hartu zuen, bere ahots berezi eta indartsua lagun. Oraingoan, bere bakarkako lehen diskoa aurkeztera dator eta hori aitzakia harturik berarekin hitz egin nahi izan dugu.

Noiztik zara musikaria?
Musika ikasten haurra nintzela hasi nintzen herriko musika eskolan. Akordeoiarekin hasieran eta ondotik etorri ziren bertze instrumentu batzuk. Kantatzen beranduxeago hasi nintzen, gaztetxoa nintzela, baina berehala konturatu nintzen horrekin disfrutatzen nuela gehien eta 15 urte nituela profesional moduan kantatzeari ekin nion.

Jakin dut "La Voz" telebista saioan parte hartu zenuela, nolatan?
Garai hartan EITB-rentzako lanean ari nintzen eta programako zuzendariak animatu ninduen. Esperientzia berri bat bizitzeko grinak bultzatu ninduen.

Zer moduzko esperientzia izan zen?
Ona. Esperientzia bat gehiago. Jendeari, oro har, harridura eta jakin-min handia piztu zion La Voz-en parte hartu izanak eta kuriositate handiz galdetzen didate horren inguruan. Dena den, uste dut horrelako saioak gehiegi balioesten direla eta bertan parte hartu genuen abeslarien artean, zein ikusleen artean ere, bada kopuru handi bat telebista saio hauek miresten dituena eta aukera hori gure bizitzako esperientziarik garrantzitsuena dela uste dutenak, derrigor aprobetxatu eta arrakasta lortzeko bidea irekiko digutela amesten dutenak, ez da horrenbesteraino ordea. Esperientzia polita izan zen, gauza berriak bizitzeko aukera eman zidana eta oroitzapen polita gordetzen dut.

Gustuko al dituzu lehiaketa moduan egituratzen diren musika saioak?
Behin baino gehiagotan parte hartu edo epaile lanetan aritu naiz lehiaketa moduko musika saioetan, baina ikusle bezala ez naiz sobera ikusle ona, ez. Ez dute niri esker audientzia handirik eginen. Musika adierazteko eta partekatzeko arte bezala ulertzen dut nik, ez elkarren artean lehiatzeko modu bat bezala. Balioa emateko modua ere izan daiteke… Ez dakit, kontraesanetan erortzen naiz gai honekin.

Egun oso bestelako bideari ekin diozu, Haize gorri batek deitutako zure bakarkako diskoa argitaratzear zaude, zer eskaintzen du diskoak?
Nire abestiez osatutako diskoa da. Urteak daramatzat sortze prozesu horretan eta azkenean lan horrek argia ikusi du. Gizarte gaiak ukitzen saiatu naiz, abestien bitartez zerbait erraten. Musikalki, soul edota musika beltzaren ukitu nabarmena duela errango nuke. Ahotsa lehen lerroan jarri dugu eta kantatzeko moduagatik eta abestien moldaketengatik kutsu beltz hori igartzen dela erratera ausartuko nintzake.

Zer moduz joan zen grabaketa?
Grabaketak primeran joan ziren. Musikari guztiek elkarrekin grabatu zuten eta ondoren ahotsak eta koruak gehitu genituen. Elkarreko estudioetan egin genituen grabaketak, nahasketak eta masterizazioa Victor Sanchez teknikariarekin eta berekin grabatu dudan aldiro hagitz eroso sentitu izan naiz.

Dama Beltzak proiektuan ere murgilduta zaude, zer eskaintzen duzue bertan?
Bai, hala da. Dama Beltzak, bortz emakumeri egiten diegun errekonozimendu xumea da. Musika bikaina egiteaz gain, musikaren bitartez iraultza egin zuten artista handi batzuei egin nahi izan diegun errekonozimendua. Bortz horiek Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin dira. Emanaldietan beraien bizitzaren inguruko azalpenak, haiek sortu edo abestutako abestiekin uztartzen ditugu. Formatu txikiko emanaldia da, ahotsa piano eta gitarra doinuez lagundurik. Mikel Santxez eta ni aritzen gara oholtzan.

Beste proiekturen bat ba al duzu eskuartean?
Momentuz nire diskoa aurkeztearekin eta Dama Beltzen istorioak zabaltzearekin nahikoa dut -barreak-.

Nola ikusten duzu emakumea musika munduan?
Pixkanaka-pixkanaka emakumeon presentziak gora egin duela nabarmen iruditzen zait. Haatik, oraindik ere parekidetasuna lortzeko aurrerapauso handiak eman behar dira. Jaialdiak edota kontzertuak programatzerako orduan, aunitzetan era kontzientean sartzen dira emakumezkoak kartel horietan, parekidetasuna bilatze aldera eta zenbait kasuetan, diru-laguntzak eskatzerakoan edota proiekturen bat lehiaketara aurkezterakoan, emakumezkoen presentziak puntuak ematen ditu, eta hori primeran dago! Baina berdintasuna lortuko dugu, hau dena era naturalean eta inkontzienteki egitea lortzen dugun egunean!

Erraza al da emakume bezala oholtzara igotzea?
Ez dakit erraza edo zaila den. Argi dudana da, bertze emakume batzuk oholtzan ikusteak indarra ematen digula gainerakooi ere gure bidea eraikitzen hasteko. Ikusi bertzerik ez dago azken urte hauetan euskal musikagintzan ezagutu ditugun emakume musikari guztiak!


Zein dira zure erreferenteak?
Gaztetatik musika beltza aditu izan dut aunitz eta lehen aipatu ditudan bortz emakume beltz horiek aipatu beharrean nago berriro: Aretha Franklin, Ella Fitzgerald, Nina Simone,… Horiez gain, soula, bluesa, gospela eta abar landu duten bertze artista aunitz ditut erreferentetzat: Tina Turner, Mavis Staples, Ray Charles, Fontella Bass, Lauryn Hill, Amy Winehouse, Beth Hart,…

Kontzerturen batzuk lotuak al dituzu?
Ez da erraza. Nire lehen diskoa da eta oraintxe daukat eskuartean lehen aldiz. Orain hau zabaltzen hasiko gara eta ea zer ateratzen den. Gauza batzuk itxiak ditugu eta bertze batzuk oraindik baieztatzeke, baina aurrerago jakinaraziko ditugu guztiak.

Zer aurkituko du entzuleak zure zuzenekoetan?
Musikari bikainez inguratua egonen naiz: gitarran Joxerra Mitxelena, tekletan Garazi Esnaola, baxuan Txema Garces, baterian Mikel Santxez eta ni piano eta ahotsean. Zuzeneko ahaltsua eskaintzea da gure nahia. Kantu goxo zein indartsuak bildu ditugu eta lehen erran bezala, ahotsa jarri dugu lehen lerroan.

Nola ikusten duzu oro har euskal eszena?
Estiloak zabaltzen ari dira Euskal Herrian. Musika sortzeko, ulertzeko, sentitzeko, adierazteko,… modu berriak ezagutzen ari gara eta hori hagitz aberasgarria da. Kalitatezko proposamen aunitz daude, guztiek ez dute ordea ikusgarritasun berbera. Erronka handia daukagu hor!

Etorkizunera begira zein helburu dituzu?
Oraintxe epe motzera begira jarria nago. Euskal Herriko xoko ezberdinetan diskoa aurkeztu nahiko nuke eta poliki-poliki abesti berriak konposatzen joan. Momentuz hori da nire buruari markatu diodan bidea.